GARA
BAIONA

Amikuzeko ustezko sexu erasotzailearen aurka salaketa bi daude

Arrueta-Sarrikotako laborari bat atxilotu zuten martxoaren 31n, adingabeei egindako bortxaketa eta sexu erasoen ustezko egilea izateagatik. Atzo Baionako prokuradoreak bi salaketa ezarriak izan direla jakinarazi zuen.

Joan den martxoaren 31n, 70 urteko laborari bat atxilotu zuten jendarmeek Arrueta-Sarrikotan, Amikuze eskualdean. Nekazaritza biologikoan lan egiten duen gizonezkoak, ustez, sei urtean zehar, etxean artatzen zituen hainbat haur eta gazte bortxatu eta sexu erasoak egin zizkien, iturri judizialaren arabera.

Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak atzo jakinarazi zuenez, gizonaren aurkako salaketa bi baieztatuak izan dira. Horretaz gain, beste bost adingabe identifikatu dituztela nabarmendu zuen fiskalak.

Hiru seme-alabaren aita da atxilotua eta urte luzez hartu izan ditu etxean haurrak eta nerabeak. Harrera familia osatzen zuen, beraz, bere emaztearekin, hain justu berriki erretiratutako udal langilea denarekin.

Ikerketa judizialaren lehen informazioen arabera, akusatuak dozenaka gazte, haur eta neraberi egin dizkie sexu abusuak.

Zehatzago, ikerketa gertutik ezagutzen duen iturri baten arabera, 80 izan litezke, guztira, 70 urteko gizonezkoaren biktimak. Egozten zaizkion eraso guztiak ukatu egin ditu atxilo dagoen ustezko egileak.

Lehenengo gertaerak 2015. urtekoak dira. Sexu abusuen eta bortxaketen ustezko egilearen etxean sartu zirenean, ikertzaileek 15 eta 16 urteko nerabeei egindako argazki konprometituak konfiskatu zituzten. Fiskaltzak instrukzio epaile bat izendatu du eta kartzelatzeko agindua eman du momentuz, prebentzio neurri gisa.