Ibai AZPARREN
IRUÑEA

Jon Kortazarrek Arestiren poesia soziala berreskuratu du «Harriaren zikloan»

«Harri eta herri» (1964), «Euskal harria» (1967) eta «Harrizko herri hau» (1970) liburuen argitalpenak benetako iraultza eragin zuen Euskal Herrian. Visor argitaletxeak Gabriel Arestiren poesia soziala jasotzen duen «Harriaren zikloa» argitaratu du Jon Kortazarren eskutik.

Gabriel Arestik 1964an euskal letren mundua irauli zuen “Harri eta herri” lanaren argitalpenarekin. 1967an “Euskal harria” etorri zen. Eta 1970ean trilogia ixten duen testu poetikoa argitaratu zuen, “Harrizko herri hau”, oin-oharrean harriaren zikloa osatzen duen laburpena eskainiz: «Lehen protestatu, / gero kontestatu, /orain detestatu».

Visor argitaletxearen “Harriaren zikloa” lanak, sinbolismotik urrundu eta Arestik abiarazitako poesia sozialaren poema esanguratsuenak biltzen ditu. Antologia elebiduna da, non gaztelaniazko bertsioak egilearenak diren, Arestik itzulpenik gabe argitaratu eta geroago Jon Juaristik itzuli zuen “Harrizko herri hau” izan ezik. Hitzaurrea idazteaz eta edizioaz arduratu da Jon Kortazar katedraduna.

Berrikuntza guztiak sartu eta liburua zabalkunde zabala duen Visor argitaletxean publikatzea erabaki zutela dio Kortazarrek, «hutsune» batetik abiatu baitziren: «1979an Arestiren liburu bat atera zuten, eta hitzaurrea oso txarra zen. Adibidez, esaten zuen Arestik gaizki egin zuela euskaraz idazten zuelako, euskara ez zelako gai garaiko gizartea agertzeko».

Familiarekin hitz egin eta, «kanpora begira», frankismoan argitaratu eta euskal literatura aldatzera etorri zen antologia publikatzea erabaki zuten. «Giro soziala gordin-gordin agertzen duen obra bat da, eta purismoaren kontra argi egiten duena», azaldu du Kortazarrek. Euskal hizkuntza herrikoiago bat bilatzen duen lehenetarikoa baita Aresti, eta «tabernetan, ez elizetan, entzuteko poesia».

Garaiko euskal problematikarekin errotutako olerki horiek aurki daitezke “Harri eta herri”-n: «Otxarkoaga, etorkinen egoera... Justizia soziala eskatzen zen». Baita tradizioak eta modernitateak bat-egitea ere. «Oso bertsozalea zen. Euskara oso garbia erabiltzen du, erdarakadaz beteta beharbada, baina, irakurtzen bada, bat-batean konturatzen zara poesia horretan badirela erritmo bereziak, literatura klasikoarekin lotuta dauden erritmoak. Ulergarria bai, baina egiteko erraza ez dena», nabarmendu du Kortazarrek.

Nortasun poliedrikoa

Blas de Otero, Angela Figuera eta Gabriel Celayaren obrek erabat eragin zuten Arestiren obran, baina hitzaurrean aipatu du Kortazarrek Dario Esteban aitaginarrebaren eragin sozialista nabarmena izan zela. Haatik, Arestik bere ideologia politikoa «garbi» definitu ez zuela dio. «Batez ere antifrankista eta oso euskaltzalea da, zalantzekin, saminarekin, Euskadi eta Euskal Herria maite duen pertsona».

Azken batean «komunismotik hurbil zegoen sozialista baten» aurrean gaude, Kortazarren esanetan, eta momentu horretan nazionalismoak ez zuen oso gustura hartzen sozialismoa, ezta bere mitoen deseraikitzea ere. «Gero Arestik berak ere jarrera oso kontrajarriak hartzen zituen, garai mingotsa zen, eta bere kritikak ad hominen oso gogorrak izaten ziren», gaineratu du.

Ez dago Aresti bakarra poeta gisa, eta bere «nortasun poliedrikoa» nabarmendu du Kortazarrek, Aresti bera «bihozbera eta maitekorra» baitzen familian eta «oso gogorra», aldiz, prentsan. Bertsolaritzaren umorearen eta ironiaren erabilera ere azpimarratu ditu Kortazarrek, batez ere “Euskal harrian” aurki daitezkeenak.

1967an argitaratutako obra horrek zailtasunak izan zituen zentsurarekin, “Harri eta herrik” ez bezala. «Nik uste dut ‘Harri eta herri’-n dagoena neutroagoa dela, kritika agertzen da, baina baita ikuspegi oso pertsonalak ere», azaldu du Kortazarrek.

“Euskal harria” liburuaren lehen originala “Mailu batekin: biola batekin” izan zen eta Euskaltzaindiaren Lizardi poesia sarirako aurkeztu zuen. Arrakasta handirik gabe, ez zuen saririk jaso. Aresti bigarren bertsio batekin saiatu zen berriro, “Euskal harria eta beste 30 olerki” izenburupean. Saria eman zioten eta diruak 1967an liburua argitaratzen saiatzeko balio izan zion, orain “Euskal harria eta beste 119 olerki” izenburuarekin.

Baina zentsura gupidagabea izan zen. 120 olerkietatik 60 baino ez ziren agertu, eta batzuek aldaketa nabarmenak izan zituzten. Jatorrizko bildumatik 31 poema “Harrizko herri hau” harriaren zikloko hirugarren liburuan bildu ziren. Trilogia ixten zuen obra publikatzeko orduan, Lur argitaletxekoek adierazi zuten, Angel Zelaietak idatzitako Arestiren biografian aipatzen denez, “Harrizko herri hau” bi aldiz zela interesgarri: zetorren momentuan zetorrelako eta momentu horri gertutik lotzen zitzaiolako. Kritikaren aldetik, ordea, ez zuen harrera handirik izan, beste biekin alderatuz.

«Nik uste dut agian liburua ez zela ondo ulertu. Liburua material zaharrak eta berriak sartuz sortu zen, eta ‘Euskal harritik’ datozen materialen artean baziren garai horretako egoera politikoari egindako aipamenak, eta galduak geratzen ziren 1970ean. Beraz, ‘Harrizko herri hau’ anai txikia bezala geratu da; berriro irakurri beharko genuke», nabarmendu du Kortazarrek.

«Harria» eta «herria»

Dena dela, obra hauek argitaratu aurretik, Aresti bazegoen harriaren sinboloarekin lan egiten. 1962ko “Mailu batekin, biola batekin” poema izango da germen hori, baina “Zuzenbide debekatua”-n ere badago sinbolismoarekiko haustura eta poesia berri horren arrastoa.

Arestiren harriaren esanahiari buruzko interpretazioak behin eta berriz garatu dira. Zelaieta biografoak Arestiren eta Jorge Oteizaren arteko adiskidetasuna aipatzen du, eta Arestiren azalpena izan zen euskara harri bat dela eta urteen buruan ur tantak harria jaten duela.

Baina Celso Emiliano Ferreiro poeta galiziarraren “Longa noite da pedra” liburuarekin ere harremanetan jarri izan da “harri”-aren eta “herri”-aren arteko paralelismoa. Jon Juaristik Miguel Hernandezen bertso batekin eta «harrizko euskaldun blindatuekin» lotzen zuen. Eta Arestik berak esan zuen Abadiñoko Salbatore ermitaren aurrean hamabi herriak beste hamabi harriz ordezkatuak ikusi zituenen otu zitzaiola.

«Berak ‘harria’ euskara zela esan zuen, baina Euskal Harria ere bada neurri batean, frankismoaren aurrean sendo agertzen den herri baten sinboloa», azpimarratu du Kortazarrek.

“Harri eta herri” lanaren argitalpenak euskal irakurleak astindu zituen. Visor argitaletxearekin batera Kortazarrek berreskuratu dituen hiru obren eskutik, giza kontzientziak pizten saiatu zen Aresti.