A.A.
PILOTA

Aspeko biko indartsuenak, larunbaterako prest

Elezkano II.a-Zabaleta eta Altuna III.a-Mariezkurrena Labriten bildu ziren atzo, larunbatean jokatuko duten partidarako materiala aukeratzeko. Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkari hasiera emango dion neurketa izango da eta, orain arte ikusitakoaren arabera, norgehiagoka bikaina izateko osagai guztiak ditu.

Kontuan izan behar da jardunaldi gehienetan sailkapeneko lehen bi postuetan egon diren bikoteak direla, nahiz eta Altuna-Mariezkurrena azken txanpan koska bat jaitsi zen, eta aurreneko ligaxkan elkarren aurka jokatutako bi demak ederrak izan ziren. Lehenengoa jada oso urrun geratzen den urtarrilaren 18an jokatu zuten Azpeitian, eta Elezkanok eta Zabaletak irabazi zuten, 22-15; bigarrena martxoaren 7an izan zen Eibarren, eta garaipena Altuna eta Mariezkurrenarentzat izan zen, 19-22.

Azken lehia horretatik ere hilabete baino gehiago igaro da eta, lau protagonistek material hautaketan behin eta berriz errepikatu zuten moduan, orain txapelketa berri bat hasten da, orain arte egindakoak ez du ia ezertarako balio.

«Txapelketa horren luzea izanda, garrantzitsuena une erabakigarrira sasoi onean iristea izaten da. Orain hutsetik hasten gara berriz eta pilotari bakoitzaren joko puntua eta konfiantza oso garrantzitsua izango da», esan zuen Danel Elezkanok.

«Guk ez dugu ezer aldatuko, orain arte egindakoari jarraipena eman behar diogu», gaineratu zuen Jose Javier Zabaletak. «Orain arteko 14 jardunaldietan partida hobeak eta kaskarragoak egin ditugu, baina orain burua datorrenean jarri behar dugu. Lau hilabete irauten du txapelketak eta zailena lanketa psikologikoa izaten da».

Zabaleta izan da orain arte alde handienak markatu dituen pilotaria, eta horregatik larunbatean begiradak Jon Mariezkurrenari zuzenduta egongo dira. Lan zaila baina erronka polita, atzelari gaztearentzat.

«Txapelketako bikote onenaren aurka jokatuko dugu. Atzean Joseri eusten saiatuko naiz, eta ahal denean bizkarra erakusten. Badakit Jose dagoen atzelari onena dela, baina ehuneko ehunean banago uste dut eusteko gai naizela», izan ziren Berriozarreko pilotariaren hitzak.

Elezkanok eta Zabaletak 104,5, 106,2 eta 106,4 gramoko hiru pilota hautatu zituzten, mugitzeko zailagoak. Altunak eta Mariezkurrenak 104,8, 104,9, eta 105,1 gramokoak, biziagoak.