GARA
DONOSTIA

Giza Eskubideen Zinemaldiak Oria eta Armendariz omenduko ditu

Donostiako Zinema eta Giza Eskubideen Jaialdia apirilaren 23tik 30era egingo da aurten. 18. edizio honetan Montxo Armendariz (Olleta, 1949) zinema zuzendariak eta Puy Oria (Torres del Rio, 1962) ekoizleei omenaldia egingo diete. Denera 36 ikus-entzunezko emango dituzte, 22 film luze eta 14 labur. Koronabirusaren izurriteak ez du aurkeztutako lanen kopurua murriztu, 300 film luze eta 800 film labur jaso baitituzte antolatzaileek.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia apirilaren 23tik 30era egingo da aurten. 18. edizio honetan Montxo Armendariz (Olleta, 1949) zinema zuzendaria eta Puy Oria (Torres del Rio, 1962) ekoizlea omenduko dituzte. Bikotearen zinema ibilbidea eta azken hamarkadetan dagoeneko klasikoak diren lanak sortu izana saritu nahi du jaialdiak.

Armendarizek eta Oriak itxiera galan jasoko dute saria, hilaren 30ean. Ekitaldi horretan Eric Barbier-ek zuzendutako “Petit pays” (2020) ikusi ahal izango da. Hala iragarri du ostegun honetan eman duen prentsaurrekoan jaialdiko zuzendari Josemi Beltranek. Lehiaketaz kanpo eskainiko da, Javi Juliren “Aita Mari” bezala.

Denera 36 ikus-entzunezko (22 film luze eta 14 film labur) eskainiko dira, 19 herrialdetatik jasoak.

Massoud Bakhshi-k zuzendutako “Yalda, a Night for Forgiveness” (2019) lanak abiatuko du jaialdia, apirilaren 23an.

Nabarmentzekoa da “Apaiz kartzela” filmaren estreinaldia. Memoria historikoa du ardatz. Ritxi Lizartza, David Pallares eta Oier Aranzabalen lanak Zamorako espetxera eramango gaitu. Apaizentzako kartzela bakarra izan zen munduan, Vatikanoaren eta Francoren artean sortutakoa. Frankismoaren zapalkuntzaren aurka erreakzionatu zuten euskal apaizen borroka dakar gogora, protagonisten beren kontakizunetik abiatuta.

Migrazioa dute hizpide “Vidas menores” (Alfredo Torrescalles) eta “A black Jesus” lanak. Azken hau Luca Lucchesik zuzendu du eta Wim Wenders-ek ekoitzi. 100 urtetik gorako zazpi pertsona dira Heddyren “100 up” laneko protagonistak eta Barbora Chalupova-ren “Caught in the Net” zintak adingabeen aurkako Interneteko sexu gehiegikeriak aztertzen ditu.

David Francen “Welcome to Chechnya” filmean LGTBI kolektiboak Txetxenian pairatzen duen jazarpena erakusten du. Eta “Álbum de posguerra” lanean Gervasio Sanchez Sarajevora itzuli da urte batzuen ondoren.

Fikzioari dagokionez, aurreko Berlinaleko edizioan Urrezko Hartza eskuratu zuen “There is no Evil”, Mohammad Rasoulofl-ek zuzendua, ikusi ahal izango da. Emanaldiak aurten Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia antzokian egingo dira. Bi saio berezi iragarri dira Tabakaleran eta Kresala Zineklubean (Trueba zinemetan). Film labur guztiak saio bakarrean eskainiko dira, Antzoki Zaharrean apirilaren 24an.

Jaialdiak, gainera, bost erakusketa programatu ditu, baita Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Azoka ere. Azken hau Eskura-Aieteko Giza Eskubideen Baliabide Pedagogikoen Zentroak antolatu du.

Horrez gain, Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak, jaialdiarekin elkarlanean, BegiraTU sustatu du, giza eskubideak ardatz dituen online jokoa. Egitaraua hainbat solasaldirekin osatuko da. Bertan zinemagileek eta landutako gai sozialetan adituak diren pertsonek parte hartuko dute. Sarrerak apirilaren 19an jarriko dira salgai, 4,50 euroan. Goizeko hamaiketatik aurrera Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan eta Internet bidez erosi ahal izango dira. Gonbidapenak, doan, egun berean eskuratu ahalko dira bi antzokietako leihatiletan.

Armendarizen sinadura dauka makina bat filmek: “Tasio” (1984), “27 horas” (1986), “Las cartas de Alou” (1990), “Historias del Kronen” (1995) eta “Secretos del corazón” (1997), besteak beste. Oriak “¡Dispara!” (1993), “La pasión turca” (1994), “La ley de la frontera” (1996), “Profundo carmesí” (1996) eta beste zenbait filmetan egin zuen ekoizle lana Armendarizekin Oria Films sortu aurretik.

1999an izan zen hori. Ekoiztetxetik atera dira “Silencio roto” (2001), “Escenario móvil” (2004), “Obaba” (2005) eta “No tengas miedo” (2011). «Era guztietako gai sozialak landu dituzte eta memoria historikoarekiko konpromisoa erakutsi. Beraien garaiko eta inguruneko errealitateak kontatzeko interesa erakutsi dute», nabarmendu dute antolatzaileek.

Horren isla dira azken bi hamarkadatan ekoitzi dituzten “La guerrilla de la memoria” (Javier Corcuera, 2002), “El inmortal” (Mercedes Moncada Rodriguez, 2005) eta “De tu ventana a la mía” (Paula Ortiz, 2011).