Iker GURRUTXAGA
Elkarrizketa
JON ARANBURU ETA RUBEN SANCHEZ
KONPOST MUSIKA TALDEKO KIDEAK

«Post-Aiete, post-egia eta ia post-pandemia ere izan gintezkeen»

Gasteizen distopia batean sortutako taldea da Konpost. Jon Aranburuk, Txerra Bolinagak, Bingen Mendizabalek eta Ruben Sanchezek osatzen dute eta, «supertalde» gisa har badaiteke ere, hasiberritzat dute beren burua. «The last human on earth» diskoa dute lehen lana. Rocka, funka, reggaea, desertuko doinuak… Denetarik du Konpost taldearen lehendabiziko diskoak.

«Ez dago hobeto egoterik, uzten ez digutelako», horrela azaldu du bere egoera Jon Aranburu Konpost taldeko gitarra-jotzaileak, diosalaren ostean zer moduz dagoen galdetuta. “The last human on earth” izeneko kantuarekin hasten dute beren lehen disko homonimoa, eta Zuberoa gure Marte ote den galdetu diogu Ruben Sanchez taldeko abeslari eta letragileari: «Pelikula guztietan yanki bat izango zen ziurrenik lurrazaleko azken gizakia eta zergatik ez Altzüruküko bat? Baina izatez pentsarazteko kantua da, bihar ez ote den munduaren bukaera izango galdetuz geure buruari».

Kantuak, ordea, diskoko gehienek bezala, gutxienez pare bat urte baditu. Izan ere, sortze prozesua luzea izan da Konpost taldekoentzat eta taldea sortzeko unea ere nahiko distopikoa izan zen. «Taldea modu bitxian sortu zen, ez baitzen musika arrazoiengatik sortu. Sasoi distopikoa zen eta Bingen Mendizabal eta biok eskola berean guraso gara», aipatu digu Ruben Sanchezek. «Umeak txikiak zirenean biolina eta bertsoak uztartu genituen behin edo behin; lagunak ginen, umeekin igerilekuan ginela ez genuen futbolaz hitz egiten… Eta berak bazuenez jotzeko gogoa eta nik berarekin zerbait egiteko nahia, aurrera egin genuen. Txerra Bolinaga paletan jokatzetik ezagutzen nuen eta Jon, Hala Beditik eta beste hainbat saltsatatik», gaineratu du. Denak elkarren ezagun ziren eta horrela sortu zen taldea. “Supertalde” gisa ere har zitekeen, baina bestelakoa izan da sorrera, «nahiz eta irrati esatari ezagunen batek hala ginela esan zuen».

Taldearen izenari aspalditik “post-zerbait” jarri nahi zioten: «Ez post-core, post-rock edo halakorik; dena da ‘post’ egun, eta gu hor ‘pre’ ere izan gaitezke. Baina post-Aiete, post-egia eta ia post-pandemia izan gintezkeen. Hor bai, hor oso ‘post’ gara. Anaiari galdetu eta hark esan zidan ‘Zergatik ez Konpost?’ eta parean jo zuen. Zaborretara joateko garai batean ginenean, birziklatu eta berriz ere mundu honetara itzuli gara eta horri ere zentzua ematen zion», azaldu du Aranburuk.

Estilo-aniztasun nabarmena

Rocka, funka, reggaea, desertuko doinuak… Denetarik du Konpost taldearen lehendabiziko disko honek: «Musika aldetik askotariko gauzak egin ditugu eta sormen prozesua luzea izan dela esatean, ez da kantu bakoitzarekin hartutako denboragatik. Kantu-sorkuntza prozesua bera luze joan da, ez dugu estilo bat lortzeko zerarik jarri eta bai pentsatu dugula soinu aldetik nahikoa uniformea izatearena, baina sorkuntzan ateratzen zena jo eta gure forma eman diogu. Hartara, gehiago kostatu zaigu, akaso, bi kantu estilo bereko edo elkarren antzekoak egitea», kontatu digute.

“Emak bakia” abestiak atzean bi istorio gordetzen ditu. Batetik, 1982an Andre Maria Zuriaren estatua bota zutenekoa eta, bestetik, gizon zuri heterokristauari kritika. «Baina, orokorrean, geure buruari egiten diogu kritika, lau gizon garen aldetik. Lehendabizi gure buruarekin izan behar dugu kritiko, gero besteei egitekotan», esan du Aranburuk.

Gasteizi erreferentzia asko egin dizkiote diskoan eta “Shoot” kantuan ere bada halakorik: «Ekintza armatu bat kontatzen da kantuan. Baina modu irekian utzi nahi izan dugu eta guretik kantatzen dugu, gaur egun horrelako testuinguru bat bizi izan ez duenari hori hor zegoela kontatu nahi izan diogulako», azaldu du Sanchezek. Diskoan atzetik datorren “Sin Plomo 72 Litro” abestiarekin lotura zuzena du, gainera. «Guretzat ‘Almeria’ du izena abestiak. Badakizu, barruan kantu batek izen bat izaten du askotan eta kanpora begira beste bat jartzen zaio. Dispertsioaren gaiari lotuta dago erabat. Preso bat kartzelatik irten eta etxerako bidea nolakoa den kontatzen da bertan. Road movie bat bailitzan kontatzen da hainbat urte etxetik urrun dispertsioa jasaten egon den presoaren ikuspegitik», azaldu digute taldekideek.

“Astelehenetako pilula” kantua ere «post» da, post-gaztaroa akaso. «Astelehena eta berriz ere lanera buelta, eta hori ez zaigu gustatzen. Txiste bat egiten genuen kontzertuetan, azalduz taldeko batzuek 8 orduko lana egiten dugula eta beste batzuek ez. Beste modu bateko lanak egiten ditugulako», esan digu Aranburuk. Sanchezek azaltzen jarraitu du: «Kantu honetan Gasteizi erreferentzia zuzenik egiten ez diogun arren, La Polla, Potato eta abarrek aldarrikatzen zutena geure egin dugu. Alegia, lanaz ez zutela gozatzen eta langabezian ere ez. Langabezian ez da gozatzen dirurik ez dagoelako, baina bestea, ohiko lana, jainkotuta daukagun zerbait da eta ez luke hala behar». Doinuari dagokionez, bitan banatuta dagoen kantua da. Aranburuk azaldu du zergatia: «Lanera joango ez bagina, beste kolore batez ikusiko genuke astelehena eta reggaerekin hori irudikatu nahi izan dugu».

Grabaketak eta argitaratzea

Joseba B. Lenoir izan dute grabazioko teknikari eta ekoizle. «Kantuak prest geneuzkan eta non eta nola grabatu pentsatzen genbiltzala, Josebaren izena atera zen. Laguna dugunez, bere soinua gustatzen zaigunez, eta, gainera, estudio berria muntatzen ari zenez, harekin egitea erabaki genuen. Lortzen duen soinua nahi genuen, baina baita kanpotik izan zezakeen begirada ere.

Gitarra zikinak eta duela hamarkada batzuetako soinua entzun daitezke diskoan. «Soinuan Josebak eta biok antzeko gustuak ditugu eta nik esaten nion soinu zakarra nahi nuela, eta, Josebak ‘fuzz’ pedal desberdinak dituenez, batez ere horiek erabili ditugu», esan du Aranburu gitarristak. «Ahotsak, berriz, modu naturalean grabatu ditugu eta gero sartu ditugu efektuak. Eta hor denon artean jolasten ibili gara. Lauroi gustatu zaigu emaitza, baina onartu behar dugu eszeptiko samarrak ginela grabatutako hori gero zuzenean defendatu ezingo genuelakoan, baina pozik gaude», gaineratu du taldeko abeslari Sanchezek.

Diskoaren azala eta bideoklipa zabortegi batean eginak dira, Konpost taldearen iruditeria biribilduz. «Esan behar dugu ez garela ez behin ez bitan joan, gehiagotan baizik. Argazkiaz eta diseinuaz Alvaro Anta arduratu da eta Gardelegiko zabortegian egin genuen argazkia. Gero argazki hori konpostatu egin dugu, literalki. Argazkia hartu eta zabor tartean sartu dugu eta denbora batez bota daitekeen guztia bota eta gero, berriz ere atera eta gehien gustatzen zitzaiguna aukeratu dugu diskoaren azalera eramateko», kontatu digu Aranburuk.

Diskoa lortzeko aukera taldearen bandcampean dago. Bestela Gasteizen Vinyloran eta Parral eta Hala Bedi tabernetan eskura daiteke.