Asier AIESTARAN
PILOTA

Albisuk eutsi dio ongien erritmoari

Hasiera gogor eta parekatu baten ostean, urdinek tartea zabaldu dute markagailuan eta gorrien erreakzioa beranduegi heldu da.

EZKURDIA-GALARTZA 17

PEñA II-ALBISU 22


Peña II.ak eta Albisuk sasoi betean daudela erakutsi zuten Logroñoko Adarraga pilotalekuan eta Ezkurdia-Galartzaren aurka 17-22 irabazi zuten Binakako Txapelketaren finalerdietako lehen jardunaldian. Markagailuan abantaila oso handiak izatera heldu ziren (9-16 eta 11-20), baina azkenean Aspekoek tanteoa asko txukundu zuten.

Neurketak hasiera ikusgarria izan zuen. Bezperan Labriten ez bezala, Logroñon lau pilotariek oso sartuta ekin zioten norgehiagokari eta aurreneko tantoak erritmo oso bizian jokatu zituzten. Peñak eta Albisuk final-laurdenetako ligaxkan erakutsitako seriotasun berdinarekin jokatu zuten, oso zuzen, eta gorrien artean Joseba Ezkurdia izan zen bikotearen zama bizkar gainean hartu zuena.

Arbizuko aurrelariak oso argi izan zuen atzelariari laguntzea ezinbestekoa zela, eta horretan saiatu zen buru-belarri –adibide moduan, aipatu behar da Josebak 140 pilotakada jo zituela, eta Galartzak 89 baino ez–. Lehen tantoak oso parekatuak izan ziren eta ez zen alde handirik egon markagailuan. Berdinketak ere etengabeak izan ziren: 1-1, 2-2, 3-3, 5-5, 6-6, 8-8 eta 9-9.

Baina hasiera horretan Ladis Galartzak oso txukun jokatu zuen arren, pilota asko atzeratuz eta defentsan ere bikain moldatuz –ikustekoak izan ziren 4-3koan zabaletik eraman zituen pilota zailak–, deskonexio une bat nahikoa izan zen urdinek markagailuan ihes egiteko. Zehazki lehen atsedenaldi luzearen aurretik eta ondoren iritsi ziren tantoetan gertatu zen. Urdinek zazpi tanto jarraian egin zituzten, horietatik zenbait batere esfortzurik gabe –atsedenalditik bueltan, esaterako, Galartzak aukerako bi erresto huts egin zituen–, eta 9-16 aurreratu ziren markagailuan.

Albisuren tantorik onenak izan ziren. Atzelariak sekulako pilotakadak jo zituen atzera, aurrean defentsan ere zulo guztiak bete zituen, eta tantoa amaitzen ere asmatu zuen tarteka. Peña ez zen beste batzuetan bezain inspiratuta ibili errematean, baina ez zuten beharrik izan.

Neurketak antzeratsu jarraitu zuen 11-20kora arte, baina hortik aurrera urdinek ere nekea sumatu zuten eta partida ixtea asko kosta zitzaien. Garaipena arriskuan ez zen inoiz egon seguru asko, baina gorriak 17-21 inguratu zirenean, Ezkurdiaren bolea on batekin, aurkariak urduri jartzen hasiko ziren. Azkenean ez zen ezustekorik egon, baina gutxienez gorriek tanteoa txukuntzea lortu zuten, garrantzitsua izan daitekeena.

«Partida gogorra izan da. Hasiera oso parekatua joan da eta lan asko egin behar izan dugu. Bagenekien etortzerako hala izango zela eta horretan segi dugu. Erdi parean Galartza irten egin da partidatik, baina bukaeran berriz estutu dute eta bukaerara arte segi behar izan dugu amore eman gabe», laburbildu zuen Jon Ander Albisuk.

Ladis Galartza, bere aldetik, kexu azaldu zen urdinek atera zuten pilota batekin: «Sekulako botea zeukan, buru gainetik pasatzen zitzaidan».