GARA
GASTEIZ

Emakunde saria Askabideri, sexu langileen alde egindako lanagatik

Askabide elkarteak 2020ko Berdintasunerako Emakunde saria jaso du, prostituzioan aritzen diren edo gizartean bazterturik dauden emakumeei emandako laguntzarengatik. Elkarteko zuzendariaren hitzetan «Askabideren misioa prostituzioan aritzen diren emakumeen egoera identifikatzea, artatzea, erantzutea eta hobetzea da».

Miriam Santorcuato Askabideko presidenteak Berdintasunerako Emakunde saria jaso zuen atzo Gasteizen, EAEko lehendakaria, Iñigo Urkullu, Lakuako Berdintasunerako sailburua, Beatriz Artolazabal, eta Emakundeko zuzendaria, Izaskun Landaida, hartu zituen ekitaldi batean. Orain 35 urte sortu zenetik sexu langileen topaleku eta erreferentzia izateagatik jaso zuen saria Askabide elkarteak.

Elkarteko boluntario eta profesionalak sexu langileen eta bazterketa arriskuan diren emakumeen beharrak identifikatu eta horiek artatzeaz arduratzen dira. Gehienak etorkinak dira, Latinoamerikakoak, egoera irregularrean daude eta lokaletan prostituzioan aritzen dira, baina sarri haien artean mugitzen dira, baita hirien artean ere.

Santorcuatok adierazi zuen Askabidek lan egiten duela prostituzioan aritzen diren emakumeek «bizitza osorako» estigma jasatea eta beren bizitzako gainerako alderdiak deuseztatzea eragiten duten elementu horiek ezabatzeko. Era berean, arreta berezia jartzen dute mota guztietako indarkeriaren prebentzioan, bereziki zaurgarriak baitira emakumeok horien aurrean. Elkarteko zuzendariak nabarmendu zuen, halaber, aintzatespena «pizgarri» bat dela Askabidek sexu langileen eta «gizarte justiziaren» alde egiten duen lanean aurrera egiteko.

Hala ere, deitoratu zuen zenbait gauzak duela 35 urte bezala jarraitzen dutela. Askabide gizarte bazterketa jasaten zuten emakumeekin lanean hasi zenean, kolektibo «ikusezina eta estigmatizatua» zela ikusi zuen, eta berdin gertatzen da egun ere, esan zuenez.

Horregatik, esan zuen elkarteak lanean jarraituko duela emakume horiei ahotsa eta ikusgarritasuna emateko, haiek epaitu gabe entzuteko eta, hartara, «gizarte integratzaileago, berdinzaleago eta bidezkoago bat eraikitzen» laguntzeko.

«Irisgaitza» den leku hori

Miriam Santorcuatok ekitaldian azaldu zuenez, Askabidek emakume prostitutak ahalduntzearen alde lan egiten du, beren trebakuntza hobetzen saiatzen diren ekimenen bidez, lan-munduan sartzeko prozesuak garatzeko aukera emanez eta «beraien bizitzei planteamendu autonomoetatik aurre egiten» lagunduz.

Beatriz Artolazabal sailburuak azpimarratu zuen Askabide bezalako elkarteek batzuetan administrazio publikoarentzat «irisgaitzak» diren lekuetara iristea lortzen dutela. Ohartarazi zuen, gainera, pandemiak areagotu egin duela emakume horien ahultasun egoera. «Konfinamenduarekin egun batetik bestera lanik gabe gelditu ziren», esan zuen.

Artolazabalek Askabideren eta EAEko hirugarren sektorearen sarearen lana goraipatu zuen, osasun larrialdiko egoera honetan «emakume hauek bezalako ehunka pertsona zaurgarrirengana» iristeko laguntzak bideratu ahal izan dituztelako.

Ildo beretik, Emakundeko lehendakariak, Izaskun Lanlaidak, saritutako erakundeak laguntzen duen kolektiboaren ahalduntzea azpimarratu zuen, eta nabarmendu «topaleku» bihurtu dela, sexu langileek beraien beharrak eta ametsak elkarbanatu ahal izateko.

Laurogeiko hamarkadan Bilbon sortu zen erakundearen ekarpena goretsi zuen Urkulluk, eta azpimarratu bere lanak «herrialdearen helburua duindu» egiten duela, «inor atzean ez uzteko». Aldi berean, erakundeari eskertu zion «entzutea, arreta ematea eta laguntza hurbiltasunez eta interesarekin ematea». Berdintasunaren euskal legearen etorkizuneko aldaketari ere egin zion aipamena, indarkeria matxistari aurre egiteko eta berdintasun politikak bultzatzeko tresna izango dela esanez.

Askabide elkartea irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta 1985ean sortu zen, EAEn prostituzio testuinguruetan edo gizarte bazterketako egoeran zeuden emakumeen egoera hobetzeko helburuarekin. Epaimahaiak aho batez eman zuen aurtengo saria, Askabidek emakumeen kolektiboaren bizi kalitatea hobetzeko egindako ibilbidea aitortuz.