Andoni ARABAOLAZA
MENDI LASTERKETAK

Oihana Kortazarrek garaipenarekinabiatu du Espainiako Kopa

Elgetarra FEDMEren erregulartasun zirkuituko lehen proban gailendu da. Beñat Katarain bigarren izan da eta, Maite Maiora, hirugarren.

Pandemiaren leherketak mendi lasterketen denboraldia hutsik utzi zuen iaz. Euskal Herrian zein gure ingurumarian antolatutako proba guzti-guztiak bertan behera geratu ziren. Baina, zorionez, aurtengo denboraldia indarrarekin hasi da. Bederen, hitzordu nagusiei dagokienez. Adibidez, FEDMEk antolatutako Espainiako Kopak lehen lasterketa izan zuen atzo. Algamitas herrian (Sevillan) Peñon Xtreme proba jokatzeko aukera izan zen. Eta azpimarratzeko modukoak dira euskal lasterkariek lortutako emaitza bikainak. Guztien artean, hori bai, Oihana Kortazarren sasoi bikainari eman behar diogu lehentasuna. Izan ere, elgetarrak garaipena erdietsi zuen senior mailan.

Irteera puntuan bildu ziren 500 korrikalariek lan eskerga egin behar izan zuten 20,5 kilometroko ibilbide gogorrean. Oso gorabeheratsua den proban 2.000 metroko goranzko desnibela gainditu zuten. Aldapa ikaragarri gogorrak; une jakin batzuetan %39ko pendiza dutenak. Eta horri, jaitsiera teknikoak gehitu behar zaizkio.

Lehen hitzordu garrantzitsu honetan hamabi selekzio autonomikok hartu zuten parte. Katalanek, adibidez, hemeretzi ordezkari bidali zituzten. Eta irabazteko lehian jardun zutenen artean, gaur egungo espezialista asko zeuden. Tartean, euskal korrikalariak.

Kortazar, sasoi betean

Senior kategoriari dagokionez, aurreratu behar dugu, oro har, euskal lasterkariek emaitza bikainak lortu zituztela. Kortazar, adibidez, 2:58:57 denborarekin gailendu zen. Ibilbidearen ia 21 kilometroak ondo baino hobeto kudeatu behar izan zituen, hori bai. Patricia Pinedak, batez ere jaitsieretan, ezustekoa eman zuen, baina, azken igoeran, korrikalari gipuzkoarrak erakutsi zuen oso sasoiko dagoela, eta helmugan bigarren sailkatuari minutu bat eta 38 segundoko aldea atera zion.

Maite Maiora ere faboritoetako bat zen. Mendaroarrak lasterketa txukuna egin zuen, eta hirugarren postua eskuratu zuen. Azpimarratzekoa da Lide Urrestarazuk eginiko lasterketa. Berez, promesen mailan parte hartzen du, baina sailkapen orokorrean laugarren postuan amaitu zuen. Andrea Garaik bosgarrena postua lortu zuen.

Mutiletan, bestalde, podiumera igo ziren hiru lasterkarien artean borroka oso estua egon zen. Hots, Manuel Anguita, Asier Larruzea eta Borja Fernandezen artean. Lasterketa guztian zehar ez zen lider argirik egon, baina Anguitak beste plus bat izan zuen hanketan eta 2:26:19 denborarekin irabazi zuen. Larruzeak eskuratu zuen bigarren postua, irabazlearengandik 31 segundora helmugaratuz. Fernandez hirugarrena izan zen. Lehen hamarren artean beste bi euskal korrikalari ere sailkatu ziren: Beñat Katarain, bosgarren postuan, eta, Aitor Ajuria, hamargarrenean. Ajuria, Urrestarazu bezala, promesen kategorian aritzen da. Sailkapen orokorrean hamargarrena izan zen eta brontzea lortu zuen bere mailan. Urrestarazuk, berriz, garaipen handia eta erosoa lortu zuen. Bigarren sailkatuari zortzi minutuko aldea atera zion. Eta junior kategorian, azkenik, Gontzal Murgoitio podiumeko hirugarren kutxara igo zen.