I.B.
BILBO

255.000 lagunek lortu dute txertoen immunizazioa

Modu sinbolikoan izan bazen ere, dosi kopuru txiki bat baino ez baitzen erabili, denak adinekoen egoitzetan, covid-19aren aurkako txertaketa abenduaren 27an hasi zen Hego Euskal Herrian. Beraz, atzo bete ziren lau hilabete pandemiari aurre egiteko borrokan fase berria ireki zenetik, itxaropenak ezaugarritutako bidea, baina, aldi berean, malkartsua ere izaten ari dena.

Izan ere, hilabeteotan gorabehera handiak izan ditu txertaketa kanpainak. Batzuk, txertoak ekoizten dituzten botika enpresa handien erruz, ez dituztelako agindutako dosi kopuruak esandako denboran eskaini. AstraZeneca da horren adibide nagusia, hitzartutakoa baino askoz kopuru txikiagoak eman baitizkie Europar Batasuneko herrialdeei, eta Europako Batzordeak salaketa jarri du haren kontra.

Gainera, enpresa britaniarraren txertoek eta Janssen estatubatuarrarenek sortu dituzten odolbildu kasuek, nahiz eta oso zenbaki txikietan gertatu, botikon gaineko zalantzak piztu dituzte. Bide batez, etenaldia eragin dute txertaketa prozesu osoan.

Horrekin batera, kanpaina hasieran Lakuako Gobernuak izandako estrategiak, bigarren dosiak bermatzeko txerto kopuru handia gordetzea eragiten zuenak, prozesuaren abiadura moteldu zuen. Zorionez, estrategia hura aldatu zuen, eta orain jasotako ia txerto guztiak astean bertan jartzen ditu Osakidetzak, bigarrenerako kopuru txikiagoa gordez.

Lautik bat, prozesua hasita

Horiek horrela, jada 695.000 lagun inguruk jaso dute txertoaren dosi bat, gutxienez, Hego Euskal Herrian; hots, biztanleen %24tik gora. Horietatik 255.000 baino gehiagok (%8,95) prozesua burutu dute, bi dosiak edo Janssenen dosi bakarra jasota, eta, beraz, eskuratu dute txertoek eskaintzen duten immunizazioa.

Esan beharrik ez dago babesa ez dela erabatekoa, eta txertatutako pertsonek birusaren aurkako neurriak betetzen jarraitu behar dutela, baina txertoen eragina hasieratik sumatzen hasi zen. Adibidez, adinekoen egoitzetan, oso egoera larria bizi izatetik ia kasurik ez izatera pasa baitira.

Orain, ikusteko dago noiz eskuratuko den talde-immunizazioa, eta, bide horretatik, noiz helduko den pandemiari agur esango diogun eguna.