Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
BEñAT ETCHEBEST
ETXALDE ELKARTEKO LEHENDAKARIA

«Ez badugu deus egiten prezioak igo eta eraikitako eremuak handituko dira»

2003tik 2020ra bitartean Ipar Euskal Herriko hainbat udalerritan etxebizitzaren prezioak izan duen bilakaera aztertu du Etxalde elkarteak. Etxebizitza eskubidearen gaineko eztabaida pil-pilean dagoen uneotan, Beñat Etchebest elkarteko lehendakariak egoerari buruzko irakurketa eskaini eta bere taldeak duen eskarmentuan oinarrituta hainbat aterabide aipatu ditu elkarrizketa honetan.

Etxebizitzaren kudeaketa egiteko manera berri baten alde lanean segitzen du Etxaldek. 2005. urtetik, etxebizitzak kolektiboki erosiz, etxebizitza sozialak eta lokal komertzialak eskaintzeko parada proposatzen du. Mauletik irakaspenak utzi dizkigu Etchebestek Kazeta.eus atariarekin izandako solasean.

2005ean sortu zen Etxalde elkartea. Oroitarazi dezakezu zeintzuk diren elkartearen eginkizuna eta helburuak?

Etxalde duela 15 urte sortu zen. Helburua da amankomunean ondasunak erostea eta ondoren soilik usufruktua saltzea. Saltzea modu pribatuan jendeei nahi duten moduan erabiltzeko. Hori da giltza gauzak ez saltzeko. Etxalde proiektu amankomun bat denez, partaide berriak batzean elkartearen printzipioekin bat eginen dute. Luzaroko egitura bat da, eta horrek ondasunak atxikiko ditu. Gisa horretan ez dira merkatu zabalean salduko. Herritarrak babestuak dira Etxaldeko babespean.

Elkartea sortu denez geroztik, nolako garapena izan du?

Maulen bi eraikin erosi genituen 2007an. Hemengo enpresa munduko pertsona batzuek parte hartu zuten, ekonomia animatzaileak bihurtuz. Ideia zen hastea eta bidean ikastea. Azkenean banku batengandik dirua lortu genuen. Guk bakarrik 500 euro jarri genituen bakoitzak, orotara 25.000 euro batuz. 440.000 euro bildu genituen bankuarengandik. Orotara, badira sei apartamentu, bederatzi garaje eta Zinka elkartearen lokala. 30 urteko mailegua egin dugu eta erdia ordaindua dugu. Dena ordaindutakoan, hilabete guztiz dirua sartuko da. Hori da Etxaldeko sistema. Proiektu bat ordaindu eta ateratzen den mozkina beste ondasun bat erosteko baliatzea. Autonomia eta indarra ematen du bankuengana joateko.

Etxebizitzaren eskubideari buruzko eztabaida pil-pilean dago Ipar Euskal Herrian. Etxalde elkarteak zer-nolako irakurketa egiten du?

Merkatua sutan da, baina ez da bakarrik aurtengo arazoa, aitzinetik ere agertu da. Pandemiarekin jende gehiago etorri da eta hemengoek ez dute mozkin gehiago. Hemengo jendearen parte bat prekaritatean sartu da. Jende kopuru hori egunez egun handitzen da. Normala da jendea mugitzea, baina behar dugu elkarrekin mintzatu ikusteko zer egin behar den. Hala ere, hori egin baino lehen, zenbakiak ongi ulertu behar dira. Ez badugu ulertzen zer pasatzen den, ezin ditugu aterabideak martxan jarri.

Justuki, zuek zenbaki zehatzak kaleratu berri dituzue 2003tik 2020ra etxebizitzen prezioa nola igo den aztertzeko. Zertan oinarritu zarete ikerketa hori egiteko?

Lan hori egitea aski erraza da. Bada webgune bat: Impots.gouv du izena eta denen esku da. Zenbaki horiek agertzen dira notarioek salmentak egiaztatzean. Webgunera sartuta, herrika datuak ikusten dira. Adibidez, hiru gelako zenbat apartamentu saldu izan diren eta non. Zuzenbide zehatzak badira. Zinez interesgarria da. Dena agerian da. Lehen datu horiek jakiteko Estatuko zerbitzuei eskatu behar genizkien, orain denon eskura daude, sarean.

Zer irakurketa egin duzue aztertu dituzuen prezio igoera horien aitzinean?

Lehen etxebizitzen heina beherantz doa, emeki-emeki. Gaur egun eraikitzen denean bigarren etxebizitzak egiteko eraikitzen da, baina hori bagenekien. Zenbakiekin ikusten da zenbat ordaindu behar den herrika eta igotzearen abiadura.

Egin duzuen ikerketa horretatik zer datu azpimarratuko zenituzke?

Adibidez, denok bezala nik uste nuen Biarritzen garestiagoa izanen zela etxebizitza, askotan aipatua baita. Baina laster Bidarte Biarritzen heinean izanen da. 5.500-6.000 euro metro karratuko. Angelu ere bide beretik doa eta, orokorrean, kostalde guztia. Ez da nabari oraindik Baionan, baina hala ere prezioak anitz garestitzen ari dira. Ikusiz Baionan den jendetza, kostaldeko hiriak bezala bilakatuko da. Batzuek hortik kanpo joan beharko dute eta erran behar da batzuk jada hasi direla Iparraldeko barnealdera edo Landesetara joaten.

Harrigarria bada ere, biztanleak galdu dituzten hirietan ere igo dira etxebizitzen prezioak. Adibidez, Hendaian, Biarritzen… Ez al da kontraesankorra?

Beste mundu bat heldu da Euskal Herrira. Guk ezagutzen ez dugun mundu dirudun bat. Pentsatzen dut ongi ez dena bere lekuan. Bokaletik Hendaiaraino hamar herri daude. Azken erroldaren arabera, seik biztanleria galdu dute. Barnealdean bizi naiz, Zuberoan. Zuberoak ere jendea galdu du. Hemen eskasia asko ditugula erraten dute, baina ikusten da eskasiak ez dituzten eta gauza guztiak eskuragarri dituzten hirietan ere jendea galtzen dutela. Beste arrazoi batzuengatik, jendea badoa. Ez da normala. Ikusten dugularik Biarritz bezalako hiri batek eskola klase bat hetsi behar duela ez duelako aski umerik, harrigarria da.

Zer ondoriozta dezakezu bigarren etxebizitza eskuratu nahi duen jendea etengabe datorrela ikusirik?

Hori bera. Kanpotik heldu da jendea diru askorekin, eta bertakoek ezin dute hemen gelditu. Anitzetan entzuten da euskaldunek ere saltzen dutela. Baina ez dira euskaldunak, jabeek dute saltzen. Adibidez, Biarrizko familia batean, hor sortzen badira hiru haur eta etxekoak hiltzen badira, legearen arabera ondasuna ondoko belaunaldiei pasatzeko, ordaindu behar da. Biarritzen etxe batek milioi bat edo bi milioi euro balio baditu, pentsa zenbat ordaindu behar duten familiakoek. Hemengo soldatekin ezinezkoa da eta horregatik saltzen dute. Horrela dira kanpoko jende horiek etortzen. Sistema egina den bezala, merkatua eta dirua dira nagusi, ez da lehentasuna etxeaz baliatzea, gozatzea. Hori da hain justu babestu behar duguna: norentzat eta zerentzat da ondasun hori?

Etxea oporretara etortzeko erostea eta hamaika hilabetez etxea hutsik egotea… hori ezin da onartu. Kanpotiarrak ez ditugu etsaiak bezala ikusi behar, sistema bat baita. Bestalde, taldean lan eginez gero, erraza izanen da pareta bat eraikitzea eta leiho bat zabaltzea.

Bizitzen ari garen arazo honen aitzinean, zer aterabide proposatzen du Etxaldek?

Etxez etxe lan hori egitea. Katastroan dagoen partzela bakoitzaz jabetzea eta berriz saltzea, betiere usufruktua salduz. Hautetsiek laguntzen ahal dute, baina egiazki denek ikasi behar dugu amankomunean egiten. Oso sinplea da. Pausuz pausu egin behar den gauza da, jabetuz. Gero amankomunean jabetu ondotik, pataskak hasiko dira gure artean. Orain sistema baten kontra ari gara. Guk proposatzen dugu gure artean aritzea, horrela ikasiko baitugu elkarrekin eraikitzen eta garatzen. Etxaldek ez du dena eginen. Elkartearen helburuen artean ondasunak erostea da, baina batez ere nahi duguna da milaka Etxalde sortzea.

Zure iritziz, nola garatuko da etxebizitzaren merkatua datozen urteetan?

Anitz komunikatzen dugu, edo sobera, Euskal Herriari buruz. Ez bada ekonomia hankaz gora joaten, beti gora joango dira prezioak, etengabe. Kostaldean bigarren etxebizitza gehiago izanen dira, edo garestiak diren etxe horiek geroz eta prezio altuagoa eginen dute. Ondorioz, bertakoek kostaldea utzi beharko dute barnealdera joateko. Lehen aipatu dugun eremuan, kostaldeko hamar herri horietan, Ipar Euskal Herriko populazioaren %60 bizi da. Kopuru hori barnealdera etortzen bada, laborantzako lurrak eta jakiak egiteko guneak galduko dira. Dena bidea bilakatuko da. Etorkizun positibo bat ez dela ulertu behar dugu, ez guretzat ezta gure haurrentzat ere. Ondoko urteetan ez badugu deus egiten, prezioak igoko dira eta eraikitako eremuak handituko dira. Oso kaltegarria izanen da guretzat. Batu behar gara hori geldiarazteko.