Jon GARMENDIA
Idazlea

Muxu batekin

Memoriak ez du etxeko usaina ahanzten. Zure gogorapenak txikitako perfumez josita daude. Beharbada, momentuak dira azal azpiko giltzapean jaso dituzunak, zerbait berria aurkitzen zenueneko harridura, ezagutzaren ezagutzaz xarmarik gabea bihurtu aitzin. Zaila da beti ezustekoen harriduraz bizitzea. Zoriontsu izandako une gozoak dira burmuineko biriken lurrin goxo, oroitzapenetan bertzerik ezin baita gorde usteltzeko beldurrik ukan gabe. Nehor oroituko ote den, zalantza. Ez usainarekin, baizik zurekin.

Axola ote du; adierazten ez den maitasuna ez da existitzen, eta zure bihotza muxu markaz josita dago. Bestalde, badakizu karrikan atzo arte intentsitatez maite zena tanpez amorragarri bilakatzen ahal dela gaur, fite mutatzen dira sentimenduak abiadan bizi den mundu globalizatuan, zuri aldiz zigilu bat bezala itsatsi zaizkizu bihotz taupak. Eta eternal bilakatu zaizkizu desirak, betiereko; harri-burdina gibelean utziko duzunean banan-banan beteko dituzun ametsak ernai daude beti. Nork margotu zuen aberriaren koadroa? Ahantzi zitzaion kartzelako barroteak agertzea. Hori gogoan duzu sarri.

Baina anitz ari dira etxera itzultzen, elefantearen hanka astunak mugitzen ari dira, eta geroz eta gutiago falta da. Argia bi eratara izan dezakezula irakurri nion Edith Whartoni, kandela izanda edo haren ispilua. Tira, ari da argitzen, muxu batekin erraten dizut.