Asier AIESTARAN
PILOTA

Peña eta Albisu merezita sartu dira binakako finalean

Atzelari ataundarra erabat nagusitu zaio Jon Mariezkurrenari atzean eta ez dio inolako aukerarik eman Jokin Altunari jokoan sartzeko. Hasieran faboritoen artean inork aipatu ez arren, behetik gora egin dute lehiaketan eta sasoi betean iritsiko dira finalera.

ALTUNA-MARIEZKURRENA 14

PEñA II-ALBISU 22


Peña II.a eta Albisu izango dira Elezkano II.aren eta Zabaletaren aurkariak datorren igandean jokatuko den Binakako Txapelketaren finalean. Bi gipuzkoarrek 14-22 menderatu zituzten Altuna III.a eta Mariezkurrena Bilboko Bizkaia pilotalekuan eta ongi merezita lortu zuten finalerako bigarren txartela.

Peña eta Albisu oso argi nagusitu ziren piloteoan, inork espero baino askoz nabarmenago, eta finalerdietako partida erabakigarria oso azkar hautsi zuten. 2-2ko berdinketaren ondoren konturatzerako 5-12 aurretik iritsi ziren lehen atsedenaldi luzera, 153 pilotakada bakarrik jota eta 20 minutu eskasetan. Eta amaieran gorriek markagailua apur bat itxuratu zuten arren, azken 14-22koak, 376 pilotakada bakarrik jota, argi erakusten du urdinek arazorik gabe lortu zutela garaipena.

Sakez falta bat hasteko

Lehen sakea urdinei egokitu zitzaien, baina Jon Ander Peñak saketik falta eginez eman zion hasiera norgehiagokari. Ez zen izan horren partida garrantzitsua hasteko modu onena, eta pentsatzekoa zen Binakako Txapelketa lehen aldiz jokatzen ari den aurrelari gaztea urduri jar zitekeela jokaldi horren ostean.

Baina ez zen horrela izan, ez horixe. Txapelketa osoan erakutsi duen seriotasun eta patxada berdinarekin jokatu zuen atzo ere tolosarrak eta berak egindako hiru tantori esker aurreratu ziren gipuzkoarrak lehen aldiz markagailuan: 1-1ekoa atzean egin zuen Peñak, 2-2koa gantxo eder batekin eta 2-3koa zabalera azti jotako pilotakada batekin.

Parekotasunak apur bat gehixeago iraun zuen, gorriek 4-4 berdintzea lortu zutelako, tartean Altunak txokoan bi tanto eder sinatuz. Baina ordurako ikusten zen atzean Albisu erabat nagusitzen ari zela eta Mariezkurrena ikaragarri sufritzen, oso atzetik jokatzen une oro.

Albisu jaun eta jabe

Peña eta Albisuk esana zuten material aukeraketan saskian material biziagoa aurkitu izana eskertuko zuketela, baina atzo pilotaren bat nahiko bizia zela ikusi zen eta horrekin min handia egin zuen Ataungo atzelariak. Pilota asko baztertu zituen errebote inguruan, errebote argi bat ere jo zuen (5-10ekoa), eta Jokin Altunari ez zion inolako aukerarik eman jokoan sartzeko.

Mariezkurrenak ere ez zuen bere egunik onena izan, aukerako erresto eta pilota batzuk galduz, eta elementu horiek guztiak batuta markagailuan 5-14 aurreratu ziren urdinak, neurketa oso azkar, azkarregi, hautsiz.

Hortik aurrerakoak ez zuen historia handirik izan. Egia da Altuna saiatu zela jokoa aurrean nahasten, eta tanto batzuk sartzea lortu zuen. Egia esateko, jokatu zuen baldintzak ikusita jokoan sei tanto egiteak badu meritua, baina agian atzelariari apur bat gehiago laguntzea falta izan zitzaion amezketarrari.

Azkenean emaitza 14-22koa izan zen eta neurketa amaieran Peñak eta Albisuk elkarri eman zioten besarkadak argi erakutsi zuen finalera iristea lorpen bikaina dela hasieran faboritoen artean sartzen ez ziren Baikoko pilotarientzat.

Pozez zoratzen

«Egia da Jonek ez duela bere eguna izan, baina guk partida ona egin dugu, eroso jokatu dugu, serio. Peñak ere hasiera oso ona eman dio partidari, nahiz eta amaiera bizpahiru huts egin dituen», aztertu zuen Jon Ander Albisuk partidaren ostean.

Zortzi urteren ostean bere bigarren finala jokatuko du ataundarrak. «Atzelariok txapelketa honen zain egoten gara eta helburua maila ona ematea izaten da, badakizulako ongi jokatuz gero goian ibiltzeko aukera izango duzula. Aurten finalean sartzea lortu dut eta oso pozik horregatik», gaineratu zuen.

Jon Ander Peña, bere aldetik, erabat hunkituta azaldu zen. «Oraindik ’shock’ egoeran nago, ez dut sinisten finalean gaudenik», onartu zuen.

Gipuzkoarren urrezko aroan beste lorpen bat

Orain urte batzuk nafarrak jaun eta jabe izaten ziren moduan, badirudi azken urteotan gipuzkoarren urrezko aroa bizitzen ari garela esku pilota profesionalean. Banakako lehiaketetan Iker Irribarria (hiru txapel eta bost final 2016tik), Jokin Altuna (hiru txapel eta zazpi final) edota Erik Jaka (txapel bat eta bi final) dira azkenaldian egoera hori gorpuztu dutenak, eta binaka Beñat Rezusta gehitu zaie (txapel bat eta hiru final). Oraindik txapela lortzeko final zaila duten arren aurretik Peñak eta Albisuk, 2017an ere bikote gipuzkoar bat nagusitu zen (Irribarria-Rezusta). 1998tik ez zen gertatzen, Unanue-Errastik garaipena lortu zutenetik. 2000n ere finalean izan ziren.A.A.