GARA
GASTEIZ

Ehun eskola jazarpen kasu identifikatu ziren iaz EAEn

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan ehun eskola jazarpen kasu identifikatu zituzten 2019-2020 ikasturtean. Horietatik 63 Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren eta asko, Internet bidez. Gehienak hitzezko erasoak, bazterketa edo marjinazio sozialarekin lotuak, eta eraso fisikoak izan ziren. Lakuak emandako datuak dira. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak nabarmendu duenez, bullying-arekiko sentsibilitatea gero eta handiagoa da jendartean.

gara-2021-05-03-Noticia

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan ehun eskola jazarpen kasu identifikatu zituzten 2019-2020 ikasturtean. Horietatik 63 Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren eta asko, Internetez. Hezkuntza Ikuskaritzak bildutako datuak dira. Begoña Pedrosa Lakuako Hezkuntza sailburuordeak aurkeztu zituen atzo. Guztira 795 kasu aztertu zituzten eta horietatik %12,58 sailkatu zituzten eskola jazarpen gisa. 2018-2019 ikasturteko datuekin alderatuta, ikertutako kasuak 755etik 795era igo ziren. Jazarpen gisa baieztatutako kasuen kopuruak ere gora egin zuen: 96 kasutik 100era pasatu ziren.

Eskola jazarpenaren prebentzioaren baitan azken hamarkadan aztertutako kasu kopurua hamar aldiz handitu dela nabarmendu zuen Hezkuntza sailburuordeak. Argitu zuenez, datu horien atzean aurki daitekeen azalpen nagusia hezkuntza komunitatean eta oro har jendartean bullyingarekiko dagoen gero eta sentsibilitate handiagoa da, jazarpen kasuen gorakada baino gehiago.

«Ikastetxeek eta Hezkuntza Ikuskaritzak arreta handiagoa jarri dute gai honetan eta, horren ondorioz, zalantzarik txikienaren aurrean, balizko kasu oro aztertzen da», gehitu zuen.

Laurdena, Internet bidez

Begoña Pedrosak azaldu zuenez, jazarpen gisa identifikatutako kasu gehienak Bigarren Hezkuntzan gertatu ziren. 100 kasuetatik 63 etapa horri dagozkio. Atzemandako kasuen izaera edo tipologia aztertuz, berriz, gehien gertatu ziren eraso motak hitzezko erasoak, bazterketa edo marjinazio sozialarekin lotutakoak, eta eraso fisikoak dira. Bestetik, bullying kasuen %25 Internet edo sare sozialen bidez gertatu ziren.

Azken ikasturteko eskola jazarpenari buruzko datuekin batera, Pedrosa sailburuordeak “Bizikasi” ekimena ere hizpide izan zuen, duela lau urte Lakuako Hezkuntza Sailak abian jarri zuen «eskola jazarpenaren aurkako eta bizikidetza positiborako» proiektua.

Lau urte hauetan, «hezkuntza komunitate osoari prestakuntza emateko lan handia» egin dela adierazi zuen sailburuordeak. «Lehenik, BAT (Bullyingaren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu ziren eta prestakuntza eman zitzaien. Ikastetxe bakoitzeko talde arduradunak dira hauek. Ondoren, ikastetxe publikoetako irakasle guztien prestakuntzarekin jarraitu zen, baita familien eta irakasle ez diren langileenarekin ere. Jazarpenari aurre egiteko prestakuntza hori, hala eskatu duten itunpeko ikastetxeetan ere eman da», agertu zuen.

“Bizikasi” ekimenaren baitan, elementurik berriena Hezkuntza Sailak osatu duen bizikidetza positiborako curriculuma da. Ikasleak ahalduntzeko xedea du honek. Hau da, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBHko 4. mailara arte, ikasleek jazarpena lantzeko eta jorratzeko material espezifikoa dute, ikasle bakoitzak, bere heldutasun mailaren arabera, bizikidetzaren garrantzia landu dezan.

Jazarpenari aurrea hartzeko eta bizikidetza positiboa lantzeko sortu den material hori guztia “Bizikasi” ekimenaren webgunean jarri dute eskuragarri. Ikastetxeentzat, familientzat nahiz interesa duen ororentzat zabalik dagoen gune honetan, Bizikasi.euskadi.eus, eskola jazarpen kasuen aurrean jardunbide egokia izateko informazioa, orientabideak, materiala nahiz tresnak eskaintzen dira.

Sailburuak adierazi zuenez, webgune bizia da, etengabe elikatzen dena, eta jazarpenaren aurkako lana ahalik eta ondoen egiteko erraztasunak eskaintzea helburu duena.