GARA
BILBO

Kaleratze eta murrizketen kontra grebari ekin diote H&M dendetan

H&M dendetako langileek greba mugagabea hasi zuten atzo, iragarritako kaleratzeen eta murrizketen kontra. Hego Euskal Herriko zortzi dendei –sei EAEn eta bi Nafarroan– eta 229 langileei eragingo die enplegua erregulatzeko espedienteak: 56 behargin kaleratuko dituzte.

Hego Euskal Herriko H&M arropa dendetako langileek greba mugagabeari ekin zioten atzo, 56 langile kaleratzea ekarriko duen enplegua erregulatzeko espedientearen aurka. Grebak «jarraipen zabala» izan zuela esan zuen langileen artean gehiengo osoa duen ELA sindikatuak.

H&M enpresa errentagarria dela azpimarratu zuen ELAk, eta, 2019an, pandemiaren aurretik, 22.000 milioi euro fakturatu eta 1.270 milioiko irabaziak aitortu zituela gogoratu zuen. «Datuak positiboak badira ere, aurkeztutako egokitzapen egitasmoak 1.000 pertsonari baino gehiagori eragingo die Estatu osoan», salatu zuen ELA sindikatuak prentsa ohar batean.

Langileen lanaldia murriztea eta enplegua banatzea eskatzen du ELAk, eta, sortzen diren lanpostu berrien kasuan (bezeroarentzako arreta, biltegia, logistika eta banaketa…), «lanpostuak ez azpikontratatu eta deslokalizatzea, baita neurriak ezartzea ere lan baldintza eskasagoetan eskaini ez daitezen».

Era berean, kaleratutako langile gehienak seme-alabak zaintzeko lanaldia murriztuta duten amak direla salatu zuen ELAk. «Aberrazio hutsa» dela hori eta erantzuteko neurriak aztertzen ari dela gaineratu zuen.

«Itxiera, kaleratze eta langile kopuruaren doikuntza prozesua enpresa ezartzen ari den online salmenta digitalizatzeko eta sustatzeko prozesuaren barruan kokatzen da», azpimarratu zuen ELA sindikatuak aipatutako komunikatuan.

«Horrelako enpresa estrategiak aldatzen ez badira, ondorio nabariena sektoreko enpleguaren suntsipen larria eta deslokalizazioa izango dira», gaineratu zuen sindikatuak amaitzeko.