Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Kritikak

Agus Perezek idatzitako “Aititaren betaurrekoa” liburua jaso berri dut. EHAZEk eta Susa argitaletxeak Ganbila bilduman plazaratutako liburuak, idazlearen arte eszenikoen gaineko gogoetak eta egindako ehunka kritiken entresaka txikia biltzen ditu. Eta gogora etortzen zaizkizu zerorrek “Euskaldunon Egunkaria”-n idatzitako antzerki kritikak. Ikuskari berdinari zer kritika egingo geniokeen? Kritikari izatearen zalantza, kritika zertan oinarritu behar den, zein helburu duen… Orduko gogoetak berpiztu dizkit liburuak. Eta baita beste kezka bat ekarri ere, zergatik ez dago ipuin ikuskarien kritikarik?

Kontalarien artean tarteka atera ohi den gaia da kritikena; edo, zehazte aldera, kritiken faltarena. Kritikak baditu bi funtzio gutxienez. Batetik, egindako ikuskariaren gaineko kanpoko iritzia; horrek distantzia hartzen lagunduko du eta, kritika taxuzkoa bada, ikasbidea ere izan daiteke. Bestetik, hedabide batean ikuskariaren kritika bat agertzea existentzia seinale da, kontuan hartua dela eta, agian, ikusi ez duenari ikusteko grina piztuko zaiola. Baina ipuin ikuskarien kritikak inexistenteak badira, esan nahi du kontalaritza bera inexistentea dela? Ikuskariek ez dutela interesik sortzen? Helduentzat ipuin ikuskaririk ez dagoela? Ez dela programatzen? Kritikoei bost axola zaiela? Munduan asko bezala hemen ere arrazoiak hamaika. Helduentzako kontalaritzaren programazioa eskasiak izango du zerikusirik. Kritikak faltan, baina, agian, autokritikak ere.