Aitor Leiza Alberdi
Zarauzko Arkamurka Natura Elkartea
KOLABORAZIOA

Ardiak mugitzen ari da otsoa

Zarauzko Udalean EAJk mozio bat aurkeztu berri du, Enbak eta Gipuzkoako EHNE sindikatuek eskatuta, Udalak mendiko abeltzaintzarekin konpromiso tinkoa azaldu zezan, konpromiso horretan sartuko litzatekeelarik otsoaren populazioa kontrolatzeko ehiza baimentzea. EAJren aldeko botoekin onartu zen mozioa, PSE eta Ahal Duguren kontrako botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Otsoa badator, Burgos aldetik mendebaldeari dagokionez eta Pirinio aldetik ekialdeari dagokionez, Euskal Herria izango da bi populazio horien arteko korridore. Mozio honen onarpenak legezko inolako eraginik ez duenez, gure iritziz, mozioak lortu nahi duena da kontserbazioaren aldeko gertaera honen aurka jartzea gizartea; lehen sektorea, batik bat.

Oraingo eztabaida honek badu alde positibo bat, eta da otsoaren gaia garaiz tratatzen hasi garela; izan ere, gertaera honetaz jabetzeko, balorazioak egiteko eta neurri egokiak hartzeko denbora asko beharko da.

Arkamurka Elkartearen ustez, otsoaren etorrerak onurak ekarriko ditu Euskal Herrira. Azken mendeetan desagerrarazi ditugu gure artetik bai belarjale handiak (basahuntza, oreina, orkatza...) eta haragijale handiak (otsoa eta hartza). Gogor jo ditugu txikiagoak ere: azeri, lepazuri, erbinude, arrano, zapelatz, etab. Gogoan ditugu animalia horiek harrapatzeagatik udaletan edo baserrietan sariak ematen ziren garaiak.

Garaiak aldatzen ari dira eta, gaurko zientziaren ikuspegi sakonagotik, badakigu suntsitutako katebegiak berreskuratzeak oreka handiagoa ekarriko duela gure geografiara.

Jakin badakigu, Zarauzko udal plenoan entzun genuen katastrofismoa alde batera utziz, abeltzaintzaren birmoldaketa beharrezkoa izango dela otsoarekin batera bizitzeko: aziendak gauez bildu; itxiturak eraiki; gaueko zaintzaileak kontratatu; zakur mastinak erabili, eta abar. Birmoldaketa hori erabat diru publikoz finantzatu beharko da; otsoak sor ditzakeen kalteak ere bai, noski, onurak ere gizarte osoarentzat direlako. Lehen ere badakigu Europako laguntzei esker bizi dela gure abeltzaintza eta baldintzen artean ingurumen kontserbaziokoak egoten direla.

Jabetzen gara abeltzainen bizimodu eta ohiturak ere aldatu egin beharko direla; adibidez, astebetean ezin izango dira artalde edo behorrak bildu gabe utzi mendian. Ohitura aldaketa gogorra da edonorentzat eta hori ere ahal den leunena izan dadin parte hartu beharko du administrazioak. Administrazioak ez ditu lan berriak nahi, atzetik ez bada, edo gizarteko eskaera erraldoia, edo bera baino goragoko agindua. Kasu honetan, espero dugu mugitu behar izango duela.

Pandemia garai honetan, jokabide negargarriak ikusi dira kaletar askoren aldetik landa-eremuan. Errespetu falta itzela erakutsi dugu. Azterketa serio bat egin beharrean gaude. Otsoa etortzen denean, areagotu egingo da mendian izan beharko dugun errespetua eta arreta. Denok behar dugu birmoldaketa.

Hemen aipatu ditugun lan horiek guztiak daude otsoa etorri aurretik egiteko, eta, Arkamurkaren iritziz, horretan hasi beharra dago buru-belarri, inplikatu guztiok elkar hartuta. Ez da bidezkoa, gure ustez, sektore baten mesedetan gizarte osoaren onura den otsoa tiroz botatzea, hanka gure lurraldean jarri orduko. Horrela konpondu nahian gabiltza basurde eta orkatzen ugaritzeak, ehiztarien nahien arabera uxaldiak antolatuz, edo ehiza-parada batzuen baimen-eskaera greba batez presioa jasanez.

Espero dezagun otsoaren presentzia ez etortzea tiro-hotsez (ofizial edo furtiboz) lagundua.