Haritz LARRAÑAGA
HILBERRIA

Laborari, herriaren aldeko militante eta bakegile nekaezina

Gamarteko Uhartia baserrian sortu zen 1952. urtean eta han hazi, hezi eta bizi izan zen Mixel Berhokoirigoin, hil arte. Hiru seme-alabaren aita, nekazaria, sindikalista eta “bakearen artisaua”. ELB sindikatuaren sortzaileetako bat, Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehen lehendakaria eta Parisekin hitz egiteko sortu zen Euskal Delegazioko kidea.

Ipar Euskal Herria bere osotasunean hartzen zuen Euskal Laborantza Ganberako lehen lehendakaria izan zen eta, horregatik, Gobernu frantsesak epaitegietara eraman zuen. Azken urteetan ordea, laborari militante gisa baino, Bake Artisauetako kide gisara ezagunagoa izan zen, ETAren armagabetzean eta gatazkaren konponbidean hartu zituen konpromiso eta ardurengatik.

Herriko eskolan egin zituen lehen ikasketak, Donibane Garaziko Mayorga kolegioan eman zituen ondorengo urratsak, eta jarraian, Hazparneko laborantza lizeoan jardun zen. Gazteria Katolikoaren Nekazal Mugimenduan murgildu zen eta han ezagutu zuen 1972. urtean Mikele Hirigaray, Aldudekoa, gerora bere emazte eta bidaia-lagun izango zena.

Estatu frantseseko laborarien sindikatu nagusian, FNSEA Frantziako Lur-ustiatzaileen Sindikatuen Federazio Nazionalean, engaiatua zen, baina beste laborantza eredu bat sustatzeko bertako sindikatu baten beharra ikusi zuen eta inguruko beste hainbat kiderekin hausnarketa partekatu ostean, ELB sindikatua sortu zuten.

Desobedientzia zibila Okzitaniako Larzac herrian ezagutu zuen, 1971 eta 1981. urteen artean lurraren defentsan garatu zen borrokaren lekuko izan baitzen. Esperientzia hark eragin sakona izan zuen berarengan. Sasoi hartan, besteak beste, Jose Bove laborari eta ekintzaile ekologistarekin harremana izan zuen.

Europan nagusi zen nekazaritza eredu intentsiboaren aurrean Paueko Laborantza Ganberak jarrera epela zuela uste zuen eta desadostasunak gero eta jasangaitzagoak ziren. Ondorioz, beste nekazaritza eredu bat defendatuko zuen tokiko egitura bat sortzeko ideia forma hartzen hasi zen. ELBko batzar batean iragarri zuten 2004ko urtarrilean, Ipar Euskal Herriko gizartearen gehiengoak aldarrikatzen zuen moduan, Estatu frantsesak bertako ganbera ofizial bat plantan ezartzen ez bazuen, beraiek osatuko zutela. Gobernu frantsesak entzungor egin zuen eta urte baten buruan EHLG sortu zen. Elkarteko lehendakari izan zen 2005etik 2015. urtera arte.

Epaitegietan

Hautatzen dituen arerioen tamainaren arabera neurtzen omen da pertsona baten izatea, eta, zentzu horretan, Berhokoirigoinek curriculum esanguratsua izan zuela esan daiteke. Euskaldun eta laborari gisara, bere bidea egin zuen, eta, agian berak horrela hautatu ez bazuen ere, Gobernu frantsesak mehatxu gisara ikusten zuen Gamarteko laboraria.

Pirinio Atlantikoetako prefeta lehen unetik EHLGren kontra agertu zen eta salaketa judiziala abiarazi zuen. David eta Goliathen arteko borroka zirudien hark, munduko estaturik boteretsuenetako batek baliabide urriak zituen herritar talde batek sortutako ekimen baten kontra egin zuen eta elkarteko lehendakaria jarri zuen jopuntuan, Mixel Berhokoirigoin.

Baionako epaitegiak 2009ko martxoan eman zuen aditzera lehen ebazpena; Berhokoirigoin «errugabea» zen. Bigarren epaiketa bat ere izan zen, 2010eko otsailean, eta behin betiko errugabetzat jo zuten. Hain zuzen ere, egun Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari eta Baionako auzapez Jean-Rene Echegaray izan zen Berhokoirigoinen abokatua auzi haietan.

2017ko urtarrilean eratu zen Euskal Hirigune Elkargoaren sorrerak izan zuen aurrekari garrantzitsuenetako bat izan zen EHLGren sorrera, eta hain zuzen, hastapenetik jo zuen Gobernu frantsesak Berhokoirigoinen kontra, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ordezkatuko zituen egitura ofizial batek Ipar Euskal Herriaren aitorpenari atea irekiko zion beldurrez.

2016ko abenduaren 16an Ipar Euskal Herriko bost pertsona ezagun atxilotu zituen Polizia frantsesak Luhuson; Jean Noel Etcheverry, Michel Bergouignan, Beatriz Molle-Haran, Stephane Etchegaray eta Mixel Berhokoirigoin bera. Izugarrizko elkartasun uholdea eragin zuten atxiloketek, eta gizarte zibilak hartuko zuen bide berrian mugarri bat izan ziren. 2016ko abenduaren 20an aske geratu ostean, Paristik mintzatu zen Berhokoirigoin: «Izugarrizko mugimendua izan dela jakin ahal izan dugu abokatuen bitartez; pretentsiorik gabe, eta oraindik informazio guztia ukan gabe, uste dut ekintza honek panorama aldatu duela».

«Erakunde armatu batekin harremanak izan eta armak eduki eta garraiatzea» egozten zieten arren, atxiloketaren ostetik “Bakearen Artisauak” goitizena jaso zuten akusatuak ez ziren kikildu, eta lehen baino babes eta determinazio handiagoarekin ekin zioten armagabetze prozesuari.

2016ko abenduaren 23an, Ipar Euskal Herriko 600 hautetsik baino gehiagok armagabetzean eta konponbidean engaiatzeko eskakizuna egin zioten Gobernu frantsesari. Hiru hilabete geroago, 2017ko apirilaren 8an armagabetze eguna antolatu zuen gizarte zibileko ordezkaritza zabal batek, eta egun horretatik aurrera armarik gabeko erakundea zela jakinarazi zuen ETAk.

Parisen euskal ordezkari

Parisen elkarrizketa bidea irekitzeko Euskal Delegazioak egin zuen lehen bilkura 2017ko uztailaren 10ean izan zen. Berriki izendatutako Emmanuel Macron presidente frantsesari konponbidean engaia zedila galdegitera abiatu ziren. Bilkura garrantzitsua izan zen hura, Ipar Euskal Herriko gizartearen gehiengoak zuen nahia ordezkatzen zuen delegazio bat parez pare Estatu frantseseko ordezkaritzarekin ofizialki biltzen zen lehen aldia izan baitzen. Bilkura hartatik itzultzean Berhokoirigoinekin topo egin zuen trenean Maite Ubiria GARAko kazetariak, eta honela esan omen zion: «Jendea gauzak alda daitezen bere baitan duen indarraz ohartzen delarik, nehork ezin du luzaz herriaren nahikeria mespretxatu».

Gauzak aldatzeko, lehenik sinetsi egin behar dela behin eta berriz errepikatzen zuen Berhokoirigoinek, eta inoren zain egon gabe norberari dagokion urratsak egitearen garrantzia ere sarritan nabarmentzen zuen. Hona Luhusoko urtemugaren karietara GARAri emandako elkarrizketan esandakoa: «Sinistu behar da bakeak behar duela bide bat, eta bide horretan sartu behar dela, hobeki izanen garelarik bihar bake bide horretan, ezinez eta atzoko egoeran baino».

Aro berri horretan bere esperientzia eta lan egiteko moldea gatazkaren konponbidean urratsak egiteko baliatu zituen Berhokoirigoinek eta metodologia horrek emaitzak eman zituen. EHLGren sorreran zein Gobernu frantsesaren itxikeriaren aurrean izan zuen pragmatismo bera erabili zituen euskal gatazkaren konponbidean eta bizikidetzan pausoak emateko.

Auzi berak ikuspegi anitz biltzen ahal dituela kontuan hartuta, desberdinen artean puntu komunak bilatzeko eta indarrak metatzeko gaitasuna erakutsi zuen Berhokoirigoinek eta oinak beti lurrean izan zituen.

Laboraria zen eta laborariekin ikasten zuen. «Baserritar gehienak oso pragmatikoak dira. Ez dute ideologia bategatik edo besteagatik eragiten; egiten dugun lana ona dela eta haientzat onuragarria dela ikusten badute, arrazoi genuela aitortzen dute, baina hori frogatu egin behar da», nabarmendu zion GARAri.

Aspaldi ikasi zuen Berhokoirigoinek denetariko jendea biltzeko malgutasun apur bat ezinbestekoa dela. Bigarren aldiz Baionako epaitegian auzia irabazi zuenean jende desberdina biltzeko modua zein den azaldu zuen: «Mugimendu honetan ikusten dugu denak ez direla arrazoi berberengatik etorri, denek ez dute bide bera jarraitu eta ez dituzte denek helburu berberak eta, beraz, zerbait irabazi nahi bada, onartu behar da bakoitza bere arrazoiengatik etorriko dela. Aukera horien guztien gainetik elkarrekin lan egiten jakin behar da».

Berhokoirigoinen ustez, herri txiki bat izateak baditu zailtasunak, baina baita abantailak ere. «Herri txiki bat gara, baina txikitasun horrek gauzak burura eramateko ahalmena ere ematen digu». Azken egunera arte eutsi zion lanari. Zer nolako etorkizuna nahiko lukeen galdetuta, honakoa erantzun zuen 2010ean GARAn egindako elkarrizketan: «Bere etorkizuna gauzatzeko eskubideak eta baliabideak dituen Euskal Herria nahiko nuke nire seme-alabentzat. Euskal Herria euskalduna, bere gaitasunekin, bere instituzioekin, beste herrialdeei irekia.... ».

Baina ohartarazpen bat ere egin zuen: «Euskal Herri hori gauzatzeko guztiok izan behar dugu aktore».