GARA
BASAURI

Beste langile bat hil da lan istripuz, teilatutik erorita oraingo honetan

Lan istripu hilgarrien soka are luzeagoa da atzodanik. Basauriko Congelados Acenomar enpresako teilatuan konponketa lanetan ari zen langile bat erori eta bertan zendu zen. Gasteizko 49 urteko gizona zen eta Cubiertar Olicer enpresan lan egiten zuen. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek gogor salatu dituzte prekaritatea eta azpikontratazioa.

Basauriko Arteagoiti industrialdean kokatutako Congelados Acenomar enpresan langile baten heriotza eragin zuen lan istripua gertatu zen atzo goizean. CCOO sindikatuak jakinarazi zuenez, Cubiertas Olicer Arabako enpresako langilea zen hildakoa, 49 urte zituen eta Gasteizkoa zen.

Ezbeharra 09.40ak aldera gertatu zen; hain zuzen, ordu horretan jaso zuten larrialdi zerbitzuek istripuaren berri. Antza denez, langilea enpresaren teilatuan konponketa lanak egiten ari zela erori zen, hamar metrotik gorako altueratik erori ere. Bertan hil zen. Osalanek eta Lan Ikuskaritzak ikerketa zabaldu dute gertatutakoa argitzeko.

ELAk jakinarazi zuenez, hildakoa mantentze-lanetarako azpikontrata bateko langilea zen. Congelados Acenomar enpresak 30 langile inguru dituela zehaztu zuen sindikatuak. Askotariko elikagai izoztuen banaketa da enpresaren egiteko nagusia.

Langilearen senide eta lagunei elkartasuna adieraztearekin batera, ELAk salatu zuen administrazio publikoak ez direla «behar bezala» lan egiten ari «istripuen gaitza behingoz gelditzeko». ELAk salatu zuenez, «ez dira behar adina neurri hartzen dugun ezbehar tasa ikaragarria murrizteko. Langileen biziak ez du ezer balio, prebentzio zerbitzuen lana ez da nahikoa, eta, prebentzioari buruzko legea betetzen ez bada, zigorrak, egotekotan, izugarri txikiak izan ohi dira». Lan baldintzen prekaritatea eta azpikontratazio tasa izugarria ere istripuak azaltzeko orduan kontuan izan beharreko faktoreak direla nabarmendu zuen ELAk. «Beste behin ere argi ikusi dugun bezala, zuzenean lotuta daude arazo larri honen jatorriarekin».

Prebentzio neurririk ez

LABek, halaber, salatu zuen erorikoen ondorioz izaten diren istripu hilgarriak urtero errepikatzen direla, baina ez dela batere prebentzio neurririk hartzen. «Horregatik, irmoki salatzen dugu azken istripu hau eta altueratik erorita gertatzen diren istripu hilgarri guztiak; izan ere, prebentzio neurri egokiak hartuta saihestu daitezke», agertu zuen sindikatuak.

Istripua ikertzea, erantzuleak seinalatzea eta erantzukizunak argitzea eskatu zuen sindikatuak. «Istripu hilgarriek lan prekaritatearen aurpegirik bortitzena erakusten dute. Istripuak enplegu eta lan baldintza eskasen, azpikontratazioaren eta benetako prebentzio faltaren eta babes neurrien ondorio zuzenak dira», gaitzetsi zuen, eta erakunde eta gobernuei exijitu zien «beste alde batera begiratzeari utzi» eta lan osasuneko politikak «errotik aldatzeko».

Prebentzio neurrien falta nabarmendu zuen CCOO sindikatuak ere. Salatu zuenez, prebentzio falta eta azpikontratazioen soka luzea dira lan istripu hilgarrien erroan dauden elementuak. Hori dela eta, eraikuntza sektorean lan baldintzak kontrolatzeko kanpaina espezifikoak egiteko eskaera egin zuen.

Gaurko kontzentrazioa deitu du Gasteizen CCOO sindikatuak, SEA Arabako Enpresaburuen Elkarteren egoitzaren aurrean. Bertan gertatutakoa zehatz ikertzeko eskatuko dute. Era berean, hildakoaren familiari eta lankideei «elkartasuna eta babesa» adieraziko diete.