GARA
baiona

Urrats berriak Ipar Euskal Herriko Mugikortasun Planean

Euskal Hirigune Elkargoaren Mugikortasun Plana pixkanaka gauzatzen ari da eta azken egunetan urrats esanguratsuak eman dira Baionak, Angeluk eta Biarritzek osatutako hiriguneko trafikoa arindu eta garraio publikoa indartzeko. Tarnose eta Baiona arteko trambus linea berria estreinatu da eta Biarritzen beste linea bat ireki da.

Ipar Euskal Herriko eremu jendetsuena Lapurdiko kostaldea da, zehatzago Baionak, Angeluk eta Biarritzek osatutako hirigunea. Auto pilaketak ohikoak dira bertan, eta kutsadura ere handiagoa da. Hori dela eta, trafikoa arindu eta garraio publikoa indartzeko asmoz, Euskal Hirigune Elkargoak Mugikortasun Plana abiarazi zuen. Bada, azken egunetan urrats berriak eman dira planaren baitan. Batetik, Tarnose eta Baiona arteko trambus linea berria estreinatu da, lehen aldiz Landetako hegoaldea eta Lapurdiko iparraldea lotuz. Bestalde, Biarritzen ere linea berri bat ireki da herritarrei Aguilera klinikara gerturatzen laguntzeko.

Azken egunetan elkarren artean norgehiagokan izatearen irudia eskaini dute Biarrizko, Angeluko eta Baionako auzapezek, herriko etxeek Euskal Elkargoko Mugikortasun Sindikatuarekin elkarlanean emandako urrats berriak aurkezterako orduan, baina, finean, martxan jarri diren linea berriekin irabazten aterako direnak bateko zein besteko herritarrak dira. Horrez gain, zerbitzu publikoa indartzeak kutsadura murrizten ere lagun dezakeela azpimarratu dute egitasmoen arduradunek.

Maiatzaren 10ean Biarrizko Herriko Etxean aurkeztu zuen Maider Arosteguyk erdigunea eta Aguilera ospitalea lotuko dituen doako linea berria, nahiz eta, ohartarazi zuenez, «ezer ez da doakoa». Ildo horretan, urtero Biarrizko Udalak mugikortasunean 400.000 euro gastatzen dituela nabarmendu zuen (udal aurrekontuetan jasotako beste 300.000 euroak Euskal Elkargoak jartzen ditu).

Biharamunean, ostera, Baiona eta Angeluko auzapezen txanda izan zen. Jean-Rene Etchegary eta Claude Olive prentsaren aurrean agertu ziren Jean-Marc Lespade Tarnoseko auzapezarekin batera, hiru udalerriak zeharkatuko dituen trambus linea berria aurkezteko asmoz. Eric Spitz prefeta, Xavier Fortinon Landetako departamenduko lehendakaria eta Jean-Jackes Laserre Pirinio Atlantikoetako presidentea ere izan ziren aurkezpen ekitaldian.

Biarritzen eta Baionan, bi agerraldietan parte hartze zuzena izan zuen bakarra Jean-François Irigoyen izan zen, Euskal Elkargoko Mugikortasun Sindikatuko lehendakaria. «Aurten milioi bat bidaiari mugitzeko anbizioa dugu Tarnose eta Baiona artean, Irizar konpainiak eraikitako ibilgailu %100 elektriko, ekologiko, isil eta ekonomikoekin», adierazi zuen Irigoyenek Baionan egin zuen hitzartzean.

Lapurdi eta Landen artean

Landetako hegoaldea eta Lapurdi lotzen dituen lehen linea, alegia, T2 linea, ofizialki maiatzaren 11n estreinatu zen, baina egiaz apirilaren 26an jarri zen martxan. Lehenik gidariek bidaiaririk gabe itzulia egiten jardun zuten eta gero bidaiarekin ere bai, akatsak identifikatu eta garaiz zuzendu ahal izateko. Bizi kolektiboko kideekin eta Txirrind’Ola elkarteko kideekin ere linea berriaren irekieraren inguruko eztabaidetan izan dira iragan otsailetik.

Batez ere Landen hegoaldean bizi diren eta BAB (Baiona-Angelu-Biarritz) eremuan lan egiten duten herritarrei begira eraikitako linea da. Horregatik, Tarnosen 245 plazako aparkaleku bat eraiki zuten BAB eremura joan nahi duten herritarrek garraio publikoa erabil dezaten.

Geldilekuen izenak lehen aldiz hiru hizkuntzatan ezarri dituzte, frantsesez, gaskoiz eta euskaraz. Guztira 24 geldialdi izango ditu linea berriak 10 kilometroko ibilbidean, eta, 06.00etatik 22.00etara bitartean, 15 minutuero gelditu gabe ibiliko da bidaiariak garraiatzen.

Trambusei lotutako aurrekontuaren erdia Tarnose eta Baiona arteko linea osatzen xahutu da. Hau da, 169 milioi euroko aurrekontua zuten hasiera batean egitasmo guztirako eta horietatik 82 milioi T2 linea osatzera bideratu dituzte. Artean, T1 lineak egunero 8.000 hiritar garraiatzen jarraitzen du. Horrela, iaz hiru milioi bidaiarik erabili zuten T1 lineako trambusa, 2019an baino %20 gutxiago, izan ere, konfinamendu garaian ez zen ia bidaiaririk izan.

Etorkizunera begira, 2023an aparkalekua izango duen beste eremu bat atxikiko da eta bizikletentzat bide bat ere osatuko dute ibilbide osorako. Horren ostean, Landen hegoaldeko beste zenbait eremutara zabalduko litzateke linea, hala nola, Ondres edo Saint-martin-de Seignanx iparraldera kasu, baita Basusarriko hegoaldera ere.

Berrikuntzak Biarritzen

Jean-François Irigoyen Euskal Elkargoko Mugikortasun Sindikatuko lehendakariak, Maider Arosteguy Biarrizko auzapezak eta Anne-Cecile Durand-Purvis Biarrizko mugikortasun zinegotziak, udalerriak eta Euskal Hirigune Elkargoak elkarlanean osatu duten autobus linea berria aurkeztu eta zenbait berrikuntzen berri eman zuten maiatzaren 10ean.

Orain arte hiru linea nagusi ziren Biarritzen, baina aurrerantzean laugarren bat ere izango da. Horrez gain, zenbait aldaketa egin dituzte. Esaterako, orain arte linea bakoitzak izen bat zuen, edo, bestela esanda, lineak lotzen zituen bi puntu nagusien izenekin ezagutzen ziren. Aurrerantzean, berriz, linea bakoitzak, helmugako lekuen izenez gain zenbaki bat ere izango du.

Hori horrela, N10, N11, N12 eta N13 izango dira aurrerantzean izen berriak. N12 linea berria da, eta Biarrizko erdigunea eta Aguilera klinika lotuko ditu, lanegunetan, 35 minutuko maiztasunarekin.