Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Eskubidea (I)

Alemanian antolatzen duten Ruhrtriennale kultur jaialdi ospetsuak Achille Mbembe postkolonialismoaren teorialari garrantzitsuenetakoa gonbidatu zuen iaz sarrera hitzaldirako. Ekitaldia abuzturako hitzartuta zegoen. Martxoaren amaieran, Europar Batasunean covid-19ren kontrako neurriak zorrozten hasi zirenean, Felix Kleinek, Antisemitismoaren Kontrako Alemania Federaleko Goi Komisarioak, eta Alderdi Demokratiko Askeko Lorenz Deustchek Mbemberen parte hartzea kritikatu zuten eta pentsalari kamerundarrari egindako gonbidapena bertan behera uzteko eskatu zuten. Mbemberen lanak Holokaustoa “erlatibizatu” eta antisemitismoa bultzatzen duela salatu zuten Israelgo Estatuaren politikak Hegoafrikako apartheid sistemak garaturikoekin konparatzen dituelako.

Kleinen aburuz, Mbembek Israelen existitzeko eskubidea zalantzan jartzen du eta eskubide horren defentsa oinarrizkoa da Alemaniarentzat. Jaialdiak gobernutik dirulaguntza jasotzen duenez, Mbembe gonbidatzea Alemaniako Estatuak antisemitismoa babestearen pare izango litzatekeela argudiatu zuen. Ruhrtriennalek Mbemberi luzaturiko gonbidapena ezeztatu zuen.

Berria zabaldu eta hurrengo asteetan, eztabaida benetan sutsua piztu zen Alemaniako komunikabideetan “Mbembe aferaren” gainean. Kleinen aldekoek Mbembe ezkerrak Israelen kontra antolaturiko kanpaina zabalago baten parte gisa kokatu zuten eta argudiatu zutenez, postkolonialismoa, ikerketa esparru serioa baino gehiago, juduen eta Israelen kontrako sentimenduak zabaltzeko amarru erretorikoa da.