Amaia EREÑAGA
BILBO

«Méandre» klaustrofobikoa, FANT jaialdiko film luze onena

Mathieu Turi zuzendari frantsesaren bigarren lan luzeak, «Méandre», irabazi du FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoko film luzerik onenaren saria. Istorio ezin klaustrofobikoagoa kontatzen duen filma maiatzaren 26an iritsiko da Estatu frantseseko zinema aretoetara.

Estatu frantsesean, zinemagileen belaunaldi berriei esker, gero eta agerikoagoa da genero fantastikoaren itzulera. Horren adierazle da Mathieu Turi zuzendaria. Besteak beste, Tarantino, Allen eta Eastwood bezalako maisuen zuzendari laguntzailea izan da, eta, bere lehen film luzea, “Hostile” (2017), nazioarteko jaialdi ospetsuenetan saritu zuten. Frantziarraren bigarren lana ere, “Meándre”, bide beretik doa. Horren erakusle, FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren 27. edizioko sail ofizialeko film luzerik onenaren saria lortu zuen atzo, epaimahaik horrela erabakita (3.500 euro).

Atzo eman ziren jakitera sariak, bihar bukatuko baita aurtengo edizioa. “Méandre” filmaren gainean, epaimahaiak nabarmendu zuen « fantasiazko zinema purua aldarrikatzen duen proposamen sinple eta zuzena» dela. Filma maiatzaren 26an estreinatuko da Estatu frantsesean; Estatu espainiarrera, berriz, 2021eko bigarren seihilekoan iritsiko da.

“Vikings” telesailean ezagutu genuen Gaïa Weis aktorea da “Méandre” filmeko Lisa protagonistaren papera antzezten duena. Ezezagun baten autora igo ondoren, Lisa hodi estu baten barruan esnatuko da. Neskak ez daki zergatik dagoen bertan, baina laster ulertuko du bere erresistentzia fisiko eta psikologikoaren mugetara iritsi beharko duela tranpa klaustrofobiko horretatik bizirik irteteko.

Sail Ofizialarekin jarraituz, Mark Bodzsar hungariarraren “Comrade Drakulich” filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen «umorezko eta terrorezko istorio bat kontatzeagatik, estetika oso landuarekin, Gerra Hotza oinarri bezala erabilita»». Sail Ofizialeko film labur onenaren saria, berriz, Javier Khüneren “Flora” lanak eskuratu zuen, «beldurrezko generoaren jatorri historikoak gogora ekartzeagatik eszenaratze zaindu eta dotore bati esker»».

Azkenik, Alberto Vazquezen “Homeless Home” izendatu zuten euskal film labur onena; publikoak Erik Camposen “Si te mueres, te mato” filma saritu zuen; Euskal Gidoigileen Elkarteak Sail Ofizialeko gidoirik onenaren saria Anthony Scott Burnsen “Come True” film luzeari eman zion; eta Fas Zineklubak emandako Sail Ofizialeko lan berritzaileenaren saria Harpo eta Lenny Guit anaien “Mother Schmuckers” lanak eskuratu zuen, «Beavis and Butthead protagonista dituen nouvelle vagueko film baten bertsio makarra eta gaurkotua egiteagatik».