Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Nakba

Vladimir Propp idazle errusiarrak ipuin tradizionalen morfologia bat proposatu zuen, eta ikerketa horretan kontu zaharrek dituzten funtzioak zehaztu zituen. Hizkuntzalari errusiarrak herri ipuinetan identifikatu zituen kontakizuna egituratzen zuten hogeita hamaika funtzio. Funtzio horiek ez dira guztiak ipuin berean agertzen, baina ipuin guztietan agertzen dira, ipuinari sendotasun narratiboa emanez. Lehenengo funtzioa “urruntzea” da. Istorioa martxan jartzeko, heroiak etxetik alde egin behar du. Urruntzea egunerokotasunetik irtetea da, zerbait ezohikoa, harrigarria gerta dadin. Eta orduan istorio bat hasiko da.

1948an milaka palestinarrek euren etxea behartuta utzi behar izan zuten eta ordutik aurrera palestinar herriaren istorio lazgarria hasi zen, amaiera noiz eta nola izango duen ezin jakin daitekeela. Israelgo Estatu sionista burutzen ari den genozidioak Adorno filosofo alemanak juduen holokaustoa gogoan idatzitakoa ekartzen dit akordura: “Auschwitz-en ostean poesia idaztea basakeria da”.

Eta pentsatzen dut egunotako palestinarren sarraskia zainetan sartuta, nola kontatu ipuin harrigarriak? Haur txikituen irudiak buruan, zer kontatu? Eta orduan bi haurren argazkia ikusten duzu, beren etxearen suntsitzetik salbatu dituzten arraintxoak eskuetan irribarretsu. Proppen 14. funtzioa: Heroiak opari magikoa jasotzen du. Adorno oker dago; ipuina kontatzeak, poesiak, humano egiten gaituzte. 20. funtzioa. Heroia etxera itzultzen da. Nakba amaitu dadin.