Jon ORMAZABAL
PILOTA

Unai Laso Baikora itzuliko da 2023 arteko kontratuarekin

Oraindik nolakoa izango den ez dakigun pilotazaleen udak badu dagoeneko bere lehen pizgarria, Baiko eta Unai Laso akordio batera heldu direlako eta, ekainaren 25etik aurrera, aurrelariak Bilboko enpresarekin jokatuko du 2023ko abenduaren 31ra arteko kontratuarekin. Duela zortzi hilabete lehertu zen gatazkaren ondorioak gehien ordaindu zituenetako bat izan zen aurrelari nafarra, azken hilabeteetan afizionatuetan aritu beharraz gain Binakako finalaren lehiarako borrokatzeko aukera kendu zioten, baina greba amaitutzat emateko sinatutako akordioaren baitan, Unai Laso bueltan da eta galdutako denbora berreskuratzeko gogoz.

«Pozik nago egindako kontratuarekin, gogo handia dut berriro kantxetara itzultzeko eta aukera berri hau aprobetxatzeko», azaldu zuen pilotariak bere lan hitzarmen berria sinatu eta gero, enpresaren web orrialdean zabaldu zituen adierazpenetan. Aurrelari nafarra eta Iosu Eskiroz Baikora bueltan dira, beraz, eta Jon Mariezkurrena eta Victor Esteban dira euren etorkizuna jakiteke dauden pilotariak. Binakakoan Asperekin aritu ondoren, Berriozarreko atzelaria hasia da Baikorekin harremanetan eta, azkenean beste mugimendu batzuk gauzatu ez direnez, han izan lezake lekua. Aurrelari errioxarra, berriz, hasia da Asperekin entrenatzen, sinatu zain.

Peio Etxeberria, Promoziokoan

Bien bitartean, Peio Etxeberria izango da ostiralean Idiazabalen hasiko den Promozioko Buruz Buruko txapelketako erreferentzia nagusia. Lehen mailakoan final-laurdenetaraino heldu den pilotaria izan arren, Aspek aurten lehen mailakotik kanpora utzi du, Iñaxio Errandoneak berak «polemikoa» izan dela onartu duen erabaki baten ondorioz. Pandemia eta atarikoak egiteko ezintasuna jo ditu arrazoitzat.

Hiru aste baino iraungo ez duen txapelketan, Elordi/Erasun, Alberdi/Egiguren, Peio Etxeberria/Zubizarreta eta Salaberria/Larrazabal izango dira lehen kanporaketak.