Maite UBIRIA BEAUMONT

«KAFE BAT, OTOI», 7 HILABETEREN OSTEAN

IPAR EUSKAL HERRIKO OSTALARIEK HAMAIAKA ALDIZ ENTZUN ZUTEN ATZO, GOIZEAN GOIZETIK, AZKENEKO ZAZPI HILABETEETAN JASO EZIN IZAN DUTEN ESKAERA: «KAFE BAT, OTOI». BERDIN DA ZEIN KALAKALDI HASIERA MOLDE HAUTATU; SENTIMENDU BERA ADIERAZTEKO BALIO ZUTEN TERRAZA BATERA HURBILDU ETA ELKARRI EGINIKO LEHEN AGUR HITZEK: «ZUEN FALTA IGARRI DUGU», «BAITA GUK ERE».

Goibel esnatu zen berrirekieraren eguna. Hala eta guztiz ere, goiz erditsuan hodeien artetik eguzkiak kuku bat edo beste egin zuen, arratsalderako jite baikorrago bat iragarriz. «D eguna»-eko goizean euritakoa aldamenean atxikitzea gomendagarria bazen ere, bezeroen eta ostalarien arteko agurrek aski fite berotu zuten giroa.

Terrazak berriz baliatuz, deseskalatze planaren bigarren fasean sartu ziren emeki-emeki Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko herritarrak. Kafezaleak aiseago, bistan da.

«Kafe bat, otoi?». Baionako Les Pyrennees ostatuaren jabe Sandrine Dulongek, itxialdian pilaturiko kezkak ahantzi gabe, maskara azpian irribarre batekin ekin zion aspalditik amestutako lanegunari.

Zazpi hilabete igaro dira, gainerakoek bezala, San Andresko plazan kokatzen den ostatuak ateak itxi zituenetik. Goizean goizetik, bata bestearen atzetik, kafea egunero bertan dastatzeko ohitura galdu ez duten bezeroak bertaratu ziren. Ostatutik gertu den Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko campusean ibilbide luzea egin duen Xarles Bidegain euskaltzaina bezero goiztiarren tropelean heldu zen.

«Zuen falta sumatu dugu». «Baita guk ere». «Kontent naiz zu ikusirik». «Baita ni ere». Ipar Euskal Herriko ostatu zein jatetxeetan ahots grabagailu bat piztuz gero kikara, plater eta ontziek sorturiko zalapartarekin batera, horiek eta gisa bereko esaldiak nagusituko ziren atzo.

«Kafea hartzeko gogo handia banuen, ostatuan eserita, nahiz eta giroa fresko dugun gaur». Bidasoa ostatu eta jatetxea Hendaiako Errepublika plazan dago. Hantxe egin zigun aitorpena Juliette izeneko auzokide batek.

Ilara berean bata bestearen ondoan jatetxe eta dendak berriz ere zabalik ikusi genituen.

L’Oumar jatetxeak «drive» zerbitzuaren bidez eutsi zion itxialdi luzeari. Oumar Cieutat sukaldariak, hasiera-hasieratik, pandemiari erantzuteko grina erakutsi zuen, hala nola Baionako eritxeari bere platerak proposaturik. Atzo beste etapa bat irekiko zen berarentzat, Le Ttiki ostatuarentzat eta urrunago dagoen Luru izeneko zapata dendarentzat, baita plazaren beste aldean, Herriko Etxearen lerro berean, dagoen Andre Hiribarreren loradendarentzat ere. Ostatu eta jatetxeekin batera, lehentasunezko gaiak saltzen ez dituzten komertzioek ere ateak zabaldu zituzten Parisko Gobernuak agindutako datan.

Gutxiago aipatzen bada ere, esaterako udaberriko sasoia kasik galdurik arropak eta apaingarriak eskaintzen dituzten denden egoera ez da samurra, online salmentaren gorakada itzela ekarri baitute pandemiari aurre egiteko finkaturiko osasun protokoloek.

Museo, zinema eta antzokiek ere ikusleak hartzeko parada izanen dute berriz. Batez besteko %35eko edukiera murrizketak errespetatuz, aspaldiko lagunen bisita jaso zuten. Itxierak iraun duen bitartean askotan aldarrikatu dute kultura segurua izateaz gain osasungarria dela gizakientzat. Finean, estreinaldien garaia heldu da euskal kulturgile askorentzat.

Etxeratze agindua 21.00etan

Maiatzaren 19ak beste aldaketa bat ekarri zuen besapean. Arratsaldeko zazpietan etxeratu beharrean, gaueko bederatziak arte kalean egoteko aukera dute herritarrek. Ordutegi berriari zukua atera zioten, hala nola arratsaldez Baionako merkatu plazan dauden ostatuetara egarria asetzeko esperantzaz hurbildu ziren lagunek.

Herritarrek aho batez txalotu dute etxeratze agindua gibelatzeko deliberoa, eguneroko beharrei erantzuteko, baita eskola kanpoko jarduerak eta kirol edo aisialdi ekimenek bestelako lasaitasun batekin hartzeko parada eskainiko duelakoan ere.

Gauzak horrela, Ipar Euskal Herriko herri eta hirien paisaia aldatzen hasi da maiatzaren 19arekin batera, nahiz eta eraldaketa handirik ez izan.

Pandemiaren datuak gero eta hobeak badira ere –aurreko zazpi egunak behatuta 70 bat kasu 100.000 biztanleko neurtu dira Ipar Euskal Herria barne duen Pirinio Atlantikoen departamenduan–, deseskalatze prozesua astiro egin behar dela berretsi dute osasun agintariek.

Hala ere, protokoloak azkarrago arintzeko beharra ikusten duten hautetsiak ez dira falta. Biarritzeko auzapez Maider Arosteguy Les Republicains eskuineko alderdikideak karrikan maskara eramateko agindua bertan behera uztea eskatu zion, joan den astean, Pirinio Atlantikoen prefetari.

Bestalde, deskonfinamendu planak jasotzen ez duen neurri bat aldarrikatu du aste honetan alkate biarriztarrak: diskotekak berriz irekitzea nahi luke, bere erranetan gaueko lokalak zabalduz «besta salbaiak» hobeki ahalko direlako ekidin. Ekainaren amaieran iraganen diren eskualde bozetara bere burua aurkeztuko duen hautetsi lapurtarrak laster zabalduko den turismo sasoiari begira bere hiriaren interesen defentsa lehen lerrora eramateko prest dela aditzera ematen dute aipaturiko adierazpenek.

Momentuz, Emmanuel Macronek deskonfinamenduari pausoz pauso ekitea hobetsi du.

Hala, atzo ateak erdizka zabaldu ondoren hurrengo geltokia ekainaren 9an finkatuta dago.

Egun horretatik aurrera ostalariek beren lokalak guztiz ireki ahalko dituzte. Hau da, terrazetan soilik ez, barnean ere bezeroak hartzeko eskubidea izanen dute, betiere osasun protokoloak errespetatuz.

Data horretatik landa, kirol aretoak irekiko dituzte eta etxeratze agindua berriz ere bi orenez atzeratuko da, 21.00etatik 23.00etara pasatuz.

Finean, ekainaren 30ean etxeratze agindua guztiz kenduko dute eta data horretatik aurrera mila pertsona biltzen dituzten ikusgarriak ahalko dira antolatu. Ordurako osasun ziurtagiria plantan eman nahi du Gobernuak. Dokumentu hori daukaten herritarrek soilik ahalko lukete lehendabiziko ikusgarri horietara bertaratu.

Hain zuzen, kontzertuekin amets egiten dutenei tamainako albistea eman zieten atzo Euskal Herria Zuzenean festibaleko antolatzaileek: formatua egokituta bada ere, uztail hasieran eginen da, Irisarrin, kultur hitzordua. Hala, goibel hasi zen eguna musika doinupean amaitu zen.