Karriketan erakutsi dute brebeta euskaraz egiteko determinazioa
Seaskako kolegioetako hezkuntza komunitateak deituta, ikasle, guraso eta irakasleek mobilizazioak egin zituzten atzo eguerdian eskutik lotuta Larzabalen, Kanbon, Urruñan eta Baionan. Ekainaren 28an eta 29an egin beharreko brebeta euskaraz egiteko «ikasleek duten eskubidearen alde» mobilizatu ziren ehunka pertsona.

«Lehengo urtean azterketak zuzenduak izan baziren ere, ondokoetan kopiak bahituak, Bordelera eramanak eta euskaraz ez zekiten inspektore pedagogikoek zuzenduak izan ziren», azaldu zuen Iñaki Lekuona Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko zuzendariak, atzoko mobilizazioaren arrazoia azaltzeko.
Aurten, arazo nagusia zientzietako azterketekin ematen da. Izan ere, gai horiek ezin direla euskaraz inolaz ere egin ohartarazten du frantziar Hezkuntza Ministerioak eta ohar zehatza igorri zien Seaskako irakasleei, «gogoratzeko» Historia-Geografia eta Matematika «bakarrik» egin ahal direla «hizkuntza erregionalean», hots, euskaraz.
Edonola ere, ekainaren 28an eta 29an izango diren azterketak euskaraz egiteko asmoa agertu dute Ikastolen Federazioko ikasleek, eta determinazio hori karrikan erakutsi zuten atzo, eguerdian egin zituzten mobilizazioen bidez Seaskako lau kolegioak diren udalerrietan.
Baionako Santespiritu zubian bildu ziren Estitxu Robles abeslariaren izena daraman kolegioko ikasleak, gurasoak eta haurrak, giza kate luzea osatuz. Kanbon, ikastetxearen aitzinean den biribilgunean elkartu ziren Xalbador kolegioko lagunak. Larzabalen, Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioaren kanpoaldean egin zuten protesta. Azkenik, Ziburuko Piarres Larzabal kolegiotik gertu Urruñan den Euskal Hirigune Elkargoaren bulegoaren kanpoaldean ere astindu zuten kolegiotik lizeora joateko gainditu behar den brebeta euskaraz egitearen aldeko aldarrikapena.
Urruñan, hautetsiekin
Ziburuko ikasleak Euskal Elkargoaren egoitzan protesta egitera bildu zirenean, Ziburu, Urruña, Biriatu, Sara eta Hendaiako auzapezen babesa jaso zuten. Lekuonak hautetsien presentzia eskertzearekin batera, ekainaren 20an eta 27an izanen diren eskualde eta departamendu hauteskundeak ere izan zituen gogoan, hautagai horiei sostengua emateko dei eginez.
Hitzartze publikoan zuzendaria ikasleei ere zuzendu zitzaien, aldarrikapenaren garrantzia eta zentzua ulertaraztea bilatuz: «Aldarrikapen logikoa da ikasten duzuen hizkuntzan ebaluatuak izateko eskubidea, hori besterik ez da. Onartua izan dena duela 25 urte baino gehiago, Historia-Geografiarentzat eta Matematikarentzat ere, eta, erreforma berriarekin, 2018an, Zientziarentzat. Orain, hain justu, eskatzen dugu onarpen hori baieztatzea, besterik ez. Nahi dugu zuek zuen eskubidea guztiz zuena izatea, ikasten duzuen hizkuntzan egin ahal izan ditzazuen azterketak».
Bertaratu ziren txaloen artean, aldarrikapenaren garrantzia azpimarratu zuen: «Arazoa ez da gurea edo bretoiena, Gobernuarena baizik». Ildo horretan, Hizkuntza Gutxituen Babeserako eta Promoziorako Legea izan zuen gogoan, Asanblea Nazionalean onartu ondoren, 61 parlamentarik Kontseilu Konstituzionalean ezarritako helegiteari erreferentzia eginez.
Brebeta bakarrik ez, goi ikasketak egiteko igaro behar den baxoa ere euskaraz egiteko «eskubidea jokoan» dela ohartarazi zuten atzokoan. Bihar Bernat Etxepare lizeoko ikasleek ekimena eginen dute, 10.00etan, suprefeturaren aurrean, «euskaraz ikasi eta bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko».

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
