GARA
LEGUTIO

Abarrategi eta Agirrek jantzi dute Arabako Binakako Bertsolari Txapelketako txapela

Martin Abarrategi eta Manex Agirrek osatutako bikotea gailendu zen atzo Legution egin zen Arabako Binakako Bertsolari Txapelketan. Gertutik izan zituzten beste bi bikoteak, hamabi punturen barruan.

Legutioko kiroldegiak hartu zuen atzo arratsaldean Arabako Binakako Bertsolari Txapelketak apirilaren 17an hasitako ibilbidearen azken txanpa: finala.

Egoerak hala eskatuta, bere burua berrasmatuta eta binakako formatuarekin jokatu da aurtengo txapelketa eta Legutioko kiroldegian egoerara egokituta eta aforo murriztuarekin egin zen saioa, 200 bertsozaleren aurrean.

Finalean Manex Agirre eta Martin Abarrategik osatutako bikoteak bildu zuen puntu gehien, 828 orotara, eta beraiek izan ziren 2021eko txapela jantzi zutenak. Aramaioarrak dira biak. Lehenak, 2018tik kuadrilla arteko txapelketa guztietan hartu du parte. Bigarrena 2010, 2018 eta 2020ko Arabako kuadrilla arteko bertso txapelketetan irabazi zuen taldeko kidea izan zen eta Arabako Bertsolari Txapelketan txapeldun izan zen 2011. eta 2015. urteetan.

Bigarren postuan geratu ziren Iñaki Viñaspre eta Unai Andara eta hirugarren egin zuten, aldiz, Oihane Perea eta Manuel Bendalak osatutako bikoteak.

Saioaren gidaritza lanak, aldiz, Nieves del Alamo eta Eli Plazaolaren esku egon ziren.

Bertsolaritza berrasmatzen

Berezia izan da aurten Arabako Bertsolari Txapelketa. Ezberdina. Bertsolaritzak egoera makurrenetara ere egokitzeko gaitasuna baduela frogatu eta, bertsolari guztiek aukera berdintasunean jokatzeko parada izan zezatela ziurtatzeko, bikoteka hartu dute parte lehenengo Arabako Binakako Bertsolari Txapelketa izan den honetan. Egoeraren aldakortasuna ere faktore garrantzitsua izan zen txapelketa formatu berritzailean jokatu zedin erabakitzeko.

Aurkezpenean azaldu zuten bezala, «txapelketak bertso komunitatean duen garrantzia kontuan harturik, bertso plaza eta kultura sustatzen jarraitu nahi izan da».

Txapelketa apirilaren 17an abiatu zen Izarran. Finalera iritsi diren hiru bikoteez gainera beste seik ere hartu dute parte sariketan: Ander Aranburu eta Rikardo Gonzalez de Duranak, Eli Zaldua eta Aitor Ugartek, Irati Anda eta Aroa Arrizubietak, Peru Abarrategi eta Beñat Garaiok, Xabi Igoa eta Felipe Zelaietak, eta Xabier Antia eta Andere Arriolabengoak osatutako bikoteek, hain zuzen ere.

Izarrako saioaren eta Legutioko finalaren artean lau saio izan dira, Araian, Oionen, Amurrion eta Gasteizen jokatu direnak.