Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Covid-19ak protagonisten jarrera ezberdinak azaleratu ditu

Mendizale askok zortzimilakoak bisitatu dituzte; Guy Cotter zeelandaberritarrak, ordea, ez du Everestera espediziorik antolatu.

Mendizaletasunak ispilu berezia izan du Himalaian amaitzear dagoen montzoi aurreko edo udaberriko denboraldian. Bazirudien pandemiak “uxatu” egingo zituela mendizaleak Nepalgo zortzimilakoetatik. Baina hasiera-hasieratik argi geratu zen hori ez zela gertatuko, besteak beste, herrialde horretako agintariak baimenak han eta hemen ematen hasi zirelako.

Annapurna, Everest, Lhotse, Dhaulagiri... prest zeuden mendizale andana beren baitan jasotzeko. Eta iaz ez bezala, denboraldi honetan ez dira hutsik egon. Horrek esan nahi du zortzimilako horietara (trekkingetara ere) bidaiatu zutenak prest zeudela koronabirusarekin elkarrekin bizitzeko. Eta bat-batean, Indiako aldaera Nepalen erabat hedatu zenean, mendi garai horietako kanpaleku nagusiak “lehertu” egin ziren. Mendizale kutsatuen kopurua asko hazi zen. Egoera hori ikusita, protagonista batzuk etxera itzuli dira; beste batzuek, ordea, beren helburuekin aurrera jarraitzen dute. Tartean dira Kilian Jornet eta David Gottler.

Nepalen, bederen, kontraste handiko errealitateak bizitzen ari dira. Herritarren kutsatze kopurua larria den bitartean, Everesteko kanpaleku nagusian, adibidez, munduko mendi garaiena igo duten batzuk ospakizunetan ikusi ditugu. Maskararik gabe, distantzia txikiak saihestu gabe... Eta irudi horiek guztiak, gainera, protagonistek beraiek sare sozialetan zintzilikatu dituzte.

Aipatzen ari garen eredu hori, hots, covid-19a onartzearena, ispiluaren alde bat da. Baina bada, arrazoi ezberdinengatik, “zero tolerantzia” aldarrikatu nahi izan duenik. Eta beraien herrialdeetan aurrera eramaten duten eredua Himalaian ere ezarri nahi izan dute. Horregatik guztiagatik, ispiluaren beste alde bat dagoelako, lerrootara joera horren protagonista baten iritzia ekarri nahi izan dugu. Dena ez delako berdin.

Guy Cotter alpinistari buruz ari gatzaizkizue. Zeelandaberritarra da, eta, irakurleak ziur aski jakingo duenez, Cotterren agintariek covid-19aren aurrean hartutako osasun estrategiak oso eraginkorrak izan dira.

Alpinista izateaz gain, Adventure Consultants agentziaren buru da. 1990eko hamarkadaren hasieratik bezeroak edo mendizaleak Everestera eraman izan ditu. Hau da, gidatu egin ditu. Eta hori egiten munduko lehen agentzia izan zen.

Baina iaz bezala, Cotterrek eta bere bazkide komertzial Suze Kellyk enpresa hori hibernatzen utzi dute. Ez dute irteerarik eskaini: «Guk erabaki hori hartu dugu; hala ere, xerpa komunitatearekin oso arduratuta nago. Batetik, koronabirusa min handia egiten ari delako. Eta bestetik, iazko denboraldia hutsik geratu zenez, zailtasunak jasaten ari direlako. Iaz, adibidez, Nepalek herrialde guztia blokeatu zuen; oso erabaki ona izan zen. Ez zuen espediziorik edo trekkingik onartu, eta Everesteko ataria den Khumbuko harana itxi egin zuten. Jarrera oso egokia izan zen, covid-19ari aurre egin ziotelako. Horrek guztiak bertako agentziak kaltetu zituen. Eta horregatik, barneko turismoa baimendu zuten. Zoritxarrez, ‘ate’ hori zabaldu ondoren, koronabirusa Khumbun sartu zen. Ondoren, onartu zuten atzerritarrak sartu eta bertakoak ateratzea. Nahiz eta neurriak malgutu zituzten, agintariek ez zuten covid-19aren agerraldirik espero. Eta horrek konfiantza eman zien udaberri honetan baimenak emateko».

Eskaintza eten

Cotterren arabera, nepaldarren ikuspegia nahiko mugatua izan zen, besteak beste, mundu zabalean eta batez ere Indian gertatzen ari zenari bizkarra eman ziotelako: «Indiatik iritsitako lehen agerraldia nahiko azkar gainditu zuten. Baina ikusi genuenean bigarrena iristen ari zela, guk argi genuen Nepal erabat astinduko zuela. Eta hala gertatu da. Nepalek agerraldi horiek gelditzeko ezer gutxi egin du. Ateak zabaldu eta birusa erabat hedatu da. Oso tristea da. Baina badakigu Nepal demokrazia gaztea dela, eta kanpoko laguntza asko behar duela. Nepaldar askok Indian lan egiten dute. Eta, bide batez, hinduismoa partekatzen dute. Gogoratu behar dugu Nepalek jasotzen duen turismo handiena turismo erlijiosoa (hinduismoa) dela».

Alpinista eta Adventure Consultants agentziaren buruak ondo baino hobeto aztertu zituen iragarpen guztiak, eta horregatik guztiagatik erabaki irmoa hartu zuen: «Onartu behar dut gure enpresarentzat udaberria garai oso ona dela. Eskuarki, Everestera espedizioren bat edo beste antolatzen dut. Nepalgo beste mendi garaietara edo trekkingak egitera ere bezeroak eramaten ditut. Baina aipatu dugun egoera ikusita, gure eskaintza guzti-guztiak bertan behera utzi genituen. Ez soilik Nepalen, munduko beste mendilerro batzuetan ere bai. Agentzia atzerritar batzuek, ordea, bestelako bidea hartu dute. Guk ez joatea erabaki dugu, besteak beste, oso urrun dauden alderdi horietan bizi direnak txertatuta ez daudelako. Gainera, osasun sistema kaskarra dute. Ezin genituen gure bezeroak arriskuan jarri; izan ere, herritar horiekin hartu-emanak dituzte. Eta kutsatu izan balira, birus hori mundu zabalean hedatzeko arriskua biderkatuko zen».

Cotterrek kritikarik ere badu hainbat agentziarentzat: «Batzuek denbora luzea daramate eskrupulurik gabe jarduten. Kontuan hartu behar dugu koronabirusarengatik edo lurrikarengatik herritar asko lanik gabe daudela. Eta agintariek ez dute sarerik hauek laguntzeko. Uler dezaket, beraz, negozioak zabaltzeko irrikan egotea, eta uler dezaket ere bertako agentziek gobernuarengan egiten duten presioa. Hain zuzen ere, denboraldia zabaltzeko. Hitz batean esanda, haien ongizatea eta bizitza salbatzea delako».

Amaitzeko, alpinista honek dio, pandemiaz gain, badirela beste arazo batzuk: «Argiena Everesten ikusten dugu. Eta hor arazo etiko handia dago. Uste dugu ezin dela dena onartu, eta azken urteotako irudi kezkagarriei aurre egin behar diegu; gainera, errotik. Hor dago etorkizun etikoa».