Jon ORMAZABAL
PILOTA

Artolak askatu du bere korapiloa

Ausart eta fresko, alegiarrak ez zion aukerarik eman tantoaren ekimena eramateko gai izan ez zen Mikel Urrutikoetxea triste bati.

«Betidanik izan dut gustukoa Buruz Burukoa, baina orain arteko emaitzei erreparatuta erreparoa eta guzti ematen zidan halakorik esatea», aitortu zuen Iñaki Artolak bere ibilbidean finalerdietarako sailkatu berritan. Dagoeneko lasai esan dezake, askatu du barruan horrenbeste estutu duen korapiloa alegiarrak. Aurreko astean Asier Agirreren aurka partida gogor batean bere buruari bere dohainetan sinetsarazi ostean, izar handi baten aurka garaipen bat behar zuen aurrelari gipuzkoarrak eta atzo eman zuen azken pauso hori, nola gainera. Mikel Urrutikoetxea erabat ezereztuta, azken Mastersean bikote izan zuen Beñat Rezustaren aurka lehiatuko da hurrengo larunbatean Labriten bere ibilbideko lehen finalaren bila.

Bi pilotarien gaitasunari erreparatuta, partida gogorra espero genuen Bilbon, baina Buruz Burukoan sarri gertatzen den bezala, orekak apenas iraun zituen dozena erdi tanto, Iñaki Artolak bere onena eman zuen bitartean, Mikel Urrutikoetxea urrun egon baitzen berak duen mailarik onenetik. Esan genezake, antzeko partidetan sarri alegiarra lotu duten barne zalantza eta korapilo horiek guztiak atzokoan Zaratamokoaren gorputzean izan zirela.

Urrutikoetxearen ezina

Urrutikoetxea 2-0 aurreratu bazen ere, hori izan zen bizkaitarrak izan zuen alde bakarra. Hasiera-hasieratik libre eta fresko aritu zen alegiarra, sakearekin min egin eta une oro oldarkor, pilotaren bila joan eta tantoak amaituz. Laugarren sakearekin falta bat egin izanak ere ez zuen kikildu alegiarra eta berean jarraitu zuen, konfiantzaz lepo eta oso eraginkor, pilotari abiadura handia emanaz.

Eta justu kontrakoa izan zen Mikel Urrutikoetxearen jarduna. Hasierako bi tanto horietan kenduta, partida osoan ez zuen, sakea bere esku zegoela, tanto bakarra lortu. Lehen pilotakadarekin ez zuen gehiegi asmatu, baina batez ere bigarren pilotakada horretan aritu zen kamuts Zaratamokoa, gozatu ezinda eta tantoaren ekimena bere aldera eraman ezinda.

Gauzak horrela, azkar egin zuen Artolak ihes markagailuan (4-12). Halako partidei buelta ematen pilotari iaiorik bada, hori Mikel Urrutikoetxea da, hamaika halako eginak ditu, baita finaletan ere, baina atzokoan bere gorputz espresioak kontrakoa zioen hasieratik eta Iñaki Artola sendo batek ere ez zion esperantzarik izateko inolako motiborik eman, partida borobila jokatuz.