Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Gazteak

Pandemiak desitxuratu duen denboraren pertzepzioaren ondorio dira boteprontoan harrapatzen gaituzten albisteak. Franco Battiatoren heriotza horrela jaso dut, betiko biziko zela uste nuen artista horietako bat izanik.

Abeslari italiarrari buruzko irratsaio batean, bere karreraz beste hausnarketa egin dituzte gaztetasunari buruz. Battiatoren abestiekin lotutako gazte garaiko oroipen asko aipatu dituzte hizlariek, nostalgia kutsu arekin, eta egun faltan sumatzen duten borroka grina, adiskidetasuna eta elkartasuna nabarmendu dituzte.

Osasun krisialdiko gorabeheren errua gazteei leporatu diete pandemiaren kudeaketa euren esku zutenek. Batzuek balio eskasia ikusten duten tokian, Ikusguneren txostenaren arabera euren etxeetan identitate aske gisa ezin jokatu eta infernua bizi izan duten gazteak ikusi ditut nik. Balio eskasia horretan, euren nagusien zaintzarako sareak josi dituzten gazteak ikusi ditut. Balio eskasia horretan, infernutik ihesi itsasotik datozen nerabeak besarkatzen dituzten gazteak ikusi ditut.

Gazte izateko eskubidea bermatu behar dutenek geroari itxaropeni ezaz begiratzen dioten gazteak seinalatzen dituzte euren politika krudelekin.

Battiatoren abestiek elkartasuna aldarrikatzen dute eta, gorrotoak gorantz kotizatzen duen garaiotan, ez dator txarto gogoratzea elkartasuna dela gizatasunaren oinarrizko keinua.