Jon ORMAZABAL
PILOTA

Bi izar, bi estilo, euren erronkarik «desberdinenaren» aurrean

Bakoitza bere postuan, Jokin Altuna eta Jose Javier Zabaleta izango dira azken urteetan final eta partida erabakigarriak jokatzen gehien ohitutako pilotariak; nolabait esateko, euren habitat naturala dira igandekoa bezalako partidak. Hala ere, Bilbon jokatu beharreko partidak asko du «berezitzat» bientzat; Buruz Buruko lehen finalerako txartela dago jokoan atzelariarentzat eta jokatutako lau finalerdietan «desberdinena» izango da amezketarrarentzat.

«Laugarren aldia dut finalerdietan nagoela, profesionaletan hasi nintzenean lortuko nuenik inork pentsatzen ez genuena; ez nuen uste hau lortuko nuenik eta saiatu nahi dut aprobetxatzen. Azkenen aukera hau oso polita da, benetan desberdina da orain arte jokatu ditudanetatik eta asko motibatzen nau», azaldu zuen gipuzkoarrak.

2017 apirilean Lekeition Aitor Mendizabalen aurka 22-3 galdu ostean, Buruz Burukoan Jose Javier Zabaletak lekurik ez zuela uste izan genuen. Berak ere hala ikusiko zuen, aurreko hiru urteetan parte hartzeari uko egin baitzion etxarrendarrak. «Saiakera hau gogo handiekin hartu nuen duela hilabete batzuk. Enpresak aukera eman zidan eta orain beste final bat jokatzeko ilusioarekin nago, ikasteko eta aukera aprobetxatzeko gogoz».