GARA
BILBO

Euskalteka, euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma berri eta aitzindaria

Euskaltelek eta EiTBk Euskalteka sustatu dute, euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma «berri eta aitzindaria». Euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa ematea da Euskaltelen integratutako zerbitzu berriaren helburu nagusia. Plataforma zabalik dago euskaraz ekoitzitako produktu gehiago bertara biltzeko, etorkizunean ikus-entzunezkoen arloan «erreferentziazko bideoteka» bihurtzeko helburuarekin.

Euskaltelek eta EiTBk Euskalteka aurkeztu zuten atzo Bilbon, euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma «berri eta aitzindaria». Plataforma berri honek aukera eskainiko die Euskalteleko telebistako bezeroei mota guztietako euskarazko saioak eskura izateko, modu errazean. Lehen fase honetan, ETB1, ETB3 eta Eitb.eus atariko eduki nagusienak egongo dira Euskaltekan. 300 orduko eskaintza programa arrakastatsuenekin. Gainera, plataforma zabalik dago euskaraz ekoitzitako produktu gehiago bertara biltzeko, etorkizunean ikus-entzunezkoen arloan «erreferentziazko bideoteka» bihurtzeko helburuarekin.

Zerbitzu berriaren aurkezpenean parte hartu zuten Bingen Zupiria EAEko Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, Isabel Octavio EiTBko Estrategia eta Komunikazio zuzendariak, Mikel Agirre EiTBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendariak, eta Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariak.

Zupiriak adierazi zuenez, «euskarak urrats erraldoiak egin ditu 1982an Euskararen Legea onartua izan zenetik eta EiTBko lehen hedabideak martxan jartzen hasi zirenetik gaur arte». «Ibilbide oparo horretan mundu analogikotik digitalerako iraultza ere erabatekoa izan da eta erabakigarria, besteak beste, ikus-entzunezko kulturgintzaren zabalkunderako. Entzule, ikusle eta erabiltzaileen kontsumo ohiturak errotik aldatu dira eta aldatzen ari dira, pandemia garai honetan bertan ere ikusi ahal izan dugunez. Horregatik, ongi etorria ematen diogu eta txalotzen dugu EITBren eta Euskaltelen arteko lankidetza estrategikoari, euskara ezagutzera eman eta erabilera sustatzeko Jaurlaritzaren helburuarekin bete-betean lerrokatzen delako», gaineratu zuen.

Iturbe, bestalde, harro agertu zen euskarazko ekoizpenekin soilik osatutako lehen bideoteka aurkezteaz, «plataforma aitzindari bat, Euskadiko kultur panoraman mugarri». «Euskaltelen lanak mamitzen duen guztiaren laburpena da Euskalteka: gizartearekiko konpromisoa, euskara, kultura, teknologia, berrikuntza eta bezeroarekiko gertutasuna», nabarmendu zuen. Horrez gain, azpimarratu zuen zerbitzu berria «erreferentzia diren bi euskal enpresaren lankidetzatik» jaio dela, «nor bere esparruan erreferentzia diren Euskaltel eta EITB, biak ala biak helburu berarekin: Euskadiren garapen teknologiko, kultural eta sozialean protagonista eta sustatzaile izatea».

Mikel Agirre EiTBko Esplotazio eta Ingeniaritzako eta Net-eko zuzendariak, berriz, urte luzez EiTBk eta Euskaltelek jorratu izan duten aliantzaren garrantzia azpimarratu zuen. Nabarmendu zuen euskaraz sortutako edukiei eskuragarritasun eta irismen handiagoa emateko aukera paregabea dela Euskalteka. «300 orduko lehen eskaintza bat dago jada martxan, euskarazkoa eta lehiakorra, nahieran kontsumitu ahalko dena. Bere kanaletako edukiei difusio handiagoa emateko eta ikus-entzunezkoen kontsumo berrietara egokitzeko EITBren estrategiari erantzuten dio ekimen honek», azaldu zuen.