Asier AIESTARAN
PILOTA

Jokin Altuna da bigarren finalista

Amezketarra 0-12 aurreratu da, errestoan oso pattal aritu den Zabaletaren aurka, eta uste baino errazago lortu du finalerako txartela.

ZABALETA 8

ALTUNA III.A 22


Jokin Altuna izango da Iñaki Artolaren aurkaria datorren ekainaren 13an Bilbon jokatuko den Buruz Buruko Txapelketako finalean. Amezketako aurrelariak uste baino errazago menderatu zuen Jose Javier Zabaleta atzoko finalerdian eta bere ibilbideko zortzigarren final nagusia jokatzeko txartela eskuratu zuen.

Altunak final-laurdenetan Ezkurdiaren aurka erakutsitako maila apartari segida eman zion atzo Bilbon, baina ikuskizunerako, zoritxarrez, Zabaletak ez zuen berea eman. Pentsatzekoa zen Altuna bezalako espezialista handi baten aurka aurreko bi kanporaketetan baino gehiago sufritu beharko zuela, baina etxarrendarrak normalean ongien egiten dituen gauzetan ere ez zuen batere asmatu.

Alde horretatik, bere zulo handiena errestoan egon zen; batez ere, neurketaren lehen erdian. Altuna bere sakeak txandakatuz hasi zen, orain luze orain motz sakatuz, eta Zabaleta urduri ipini zen, lekua galduta bezala. Azkenean bederatzi izan zituen amezketarrak sakez eginak, horietatik zazpi Altuna markagailuan 0-12 aurretik jarri zuen partzial ikaragarrian, eta, egiari zor, zazpi horietatik bost behintzat eramateko moduko sakeak izan ziren.

Bizpahiru tanto gogor

Zabalean egindako dejada batekin lortu zuen atzelariak bere lehen tantoa (1-12), eta hortik aurrera neurketa zertxobait gogortu zen. Zabaletak sake on batzuk atera zituen eta aurrean ere dejada pare bat sartu zizkion Altunari. Arteaga eta Darioren aurka erakutsitako dohain guztien zertzelada batzuk besterik ez ziren izan, ordea.

Izan ere, jokatzeari ekin zion une horietan ere, Zabaleta ez zen bere kolpearekin hausteko gai izan. Pilotari altuera eman ezinik aritu zen, deseroso, eta Altunak ez zuen arazo handirik izan airez defentsan jardun behar izan zuen tantoetan.

Atzelari nafarrak oso burumakur amaitu zuen finalerdia; «batez ere nire maila ez dudalako eman. Ez naiz sartu partidan, hamahirugarren tantora arte ez naiz jokatzen hasi, eta Altuna bezalako aurkari baten kontra zuk ez baduzu zurea ematen, ez dago zereginik», adierazi zuen etxarrendarrak.

Lagun baten aurka finalean

«Ni pozik nago egin dudan partidarekin. Pilota ongi sartu zait eskuan eta nire helburua lortu dut: bera atzean eduki eta defentsan sufriarazi. Aurrekoetan berak agindu du eta hori eragotzi nahi nion. Hala ere, gauzak diren bezala esan behar dira eta lehen zatian bera izan da bere maila eman ez duena», onartu zuen Jokin Altunak neurketaren amaieran.

«Ilusioa egiten dit Iñakiren aurka jokatzeak. Asko merezi duen pilotaria da, pertsona bezala ere bai, eta bi aste hauetaz gozatu nahi dut, egunez egun», esan zuen Artolari buruz, profesionaletan jokatu zuen lehen finala, Promozio Mailako Lau eta Erdikoa 2014an, alegiarraren aurka jokatu zuela gogoratuz. Orduan Iñaki Artolak irabazi zuen 8-22 txapela janzteko.