Mitxel Elortza Exea
Gasteiz
KOLABORAZIOA

D natural berria, arnasgune integratzailea

Datorren ikasturtean nire semea Gasteizko eskola publiko bateko bi urteko gelan hasiko da. Behin matrikulazioa igarota, taldekatzeak egin berri dira eta hamar haur euskaldunak hiru gelatan sakabanatuko dituztela jakin dugu, ume euskaldunak banatzeak gelak orekatzen dituela argudiatuz. Zoritxarrez, «oreka» horrek gure haurren hizkuntza eskubideak urratu eta txikituko ditu.

Egin dezagun atzera, hitz egiten ari naizenaz jabetu gaitezen. 90eko hamarkadan Gasteizko eskola publiko batzuetan D eredu naturala txertatuta zegoen, gune erdaldun baten barruan euskarak bizirauteko ezinbesteko arnasguneak zirelarik. Gasteizen egun baino hiru aldiz euskaldun gutxiago egon arren, patioetan euskara entzuten zen, haurrak irakasleei euskaraz zuzentzen zitzaizkien eta guraso zein irakasleen aldetik euskararekiko militantzia eta kontzientzia askoz handiagoa bizi zen.

Eremu erdaldunetan arnasgune hauek motor garrantzitsuak izan dira, basamortu erdian oasi txikiak balira bezala. Nik neuk txikitako gelako lagunekin dena euskara hutsean hitz egiten nuen, bai gelan, baita korridore zein jolastokietan ere.

Faktore hauek guztiak ahultzen joan dira ezagutza handitzen joan den heinean; ezagutza hazi, erabilera murriztuz eta kontzientzia galduz.

Egia da egungo gizarteak ez duela zerikusirik duela 30 urtekoarekin, eta horregatik ezinbesteko pausoa litzateke atzerritarrak D eredu naturalean txertatzea, baina hori ezin da justifikazioa izan D naturala alboratu edota baztertzaile gisa sailkatzeko.

D naturalean txertatutako atzerritarrei euskaraz bizitzeko aukera emango genieke, udalerri euskaldunetan gertatzen den bezala (Lekeitio, Oñati zein Ondarroan atzerritarrak euskaraz bizi dira), eta gure seme-alabek atzerritarren aniztasunarekin izugarri ikasteko parada edukiko lukete.

Horren ordez, eskola gehienen hautua D naturala kentzea izan da. Geroztik, euskara mailak etengabe egin du behera eta erabilera Euskararen Egunera edo Korrika bezalako egunetara mugatu da.

Egungo egoeran badakigu zer gertatzen ari den: euskaldunak barra-barra gazteleraz mintzatzen eta erdaldunak ez dira gehiago euskalduntzen. Ba al dago onuradunik egoera honetan? Bada garaia hezkuntza-komunitateak hausnarketa sakona egiteko eta geure seme-alabei merezi duten hizkuntza eskubideak bermatzeko. Euskara eskoletan ZIU egoeran dagoen honetan, ados jar gaitezen beharrezko arnasgailuak jarri eta etorkizunean berriro ere hizkuntzari bakarrik arnasa hartzen uzteko. Ez al dute gure seme-alabek merezi?