Jon ORMAZABAL
PILOTA

Lesio batek arriskuan jarri du Iñaki Artolaren finala

EPELek astebete atzeratu du Altunaren aurkako partida, baina alegiarrak zuntz haustura dauka dortsalean.

Bere kirol ibilbidean horrenbeste oztopo eta traba jarri dizkion zorigaiztoari ihes egitea lortu zuela zirudienean, patuak kolperik mingarriena gordea zuen Iñaki Artolarentzat eta Buruz Buruko finalean alegiarraren parte hartzea arriskuan jarri du lesio batek. Duen arazo fisikoaren inguruko inolako informaziorik eskaini gabe, EPELek atzo arratsaldean eman zuen jakitera aurrelariak horrela eskatuta, Jokin Altunaren aurkako partida astebetez atzeratzea onartu diotela, baina horrek ez ditu, inolaz ere, aurrelari gipuzkoarraren inguruko zalantzak uxatzen.

Gauza da, GARAk jakin ahal izan duenez, Beñat Rezustaren aurkako finalerdian, hamazazpigarren tantoa egin zuenean, Iñaki Artolak min hartu zuela eta partida amaitu eta irabaztea lortu bazuen ere, minak gehiagora egin zuela orduek aurrera egin ahala. Egindako mediku azterketen arabera –atzo bertan Gasteizen izan zen Mikel Sanchezen kontsultan– zuntz-haustura dauka eskuineko eskapularen azpian. Haustura horren larritasunaren eta dagoeneko hasia duen errehabilitazio prozesuaren baitan dago, beraz, finala jokatu ahal izatea, baina argi dagoena da baldintzak ez direla onenak oso sasoiko dagoen Jokin Altunari aurre egiteko.

Hausturen larritasunaren araberako gradu desberdinak dauden arren, badira antzeko lesioak izan dituzten pilotariak, Andoni Aretxabaleta, Aimar Olaizola, Juan Martinez de Irujo edo Erik Jaka adibidez. Bada, aurrelari lizartzarrak, esaterako, hiru hilabete behar izan zituen kantxetara itzuli aurretik.

Hirugarren postuaren garrantzia

Beraz, posible da araudiak baimentzen duen aste hori nahikoa ez izatea Artola behar bezala osatzeko –ez dago, inolaz ere, finala ekainaren 20a baino gehiago atzeratzerik–. Hori horrela, Artola osatuko ez balitz, igandean Irunen Zabaletak eta Rezustak jokatuko duten partidak garrantzi ikaragarria hartuko du, hirugarren postuan sailkatzen den pilotariak izango lukeelako alegiarra ordezkatzeko aukera.

Gaur goizean izango da Urantzu pilotalekuan partida horretarako material aukeraketa eta bi atzelarientzat bigarren aukera moduko bat zabaldu du Artolaren lesioak. Esaterako, horrela lortu zuen Mikel Urrutikoetxeak 2015eko txapela janztea. Kasu hartan, Oinatz Bengoetxea izan zen finala prestatzen ari zela entrenamendu batean hatz bat hautsi eta finala jokatu ezinda geratu zena. Arazo fisikoekin, Martinez de Irujok uko egin zion hirugarren posturako lehia jokatzeari eta Zaratamokoak jokatu eta irabazi zuen Aimar Olaizolaren aurkako finala.

Jokin Altunaren aitona hil da

Jokin Altuna beste finalistarentzat ere ez dira egunik errazenak izaten ari, atzo bertan aitona Joxe, Imanol eta Garikoitz erremontista ohien aita hil baitzen.