Amaia EREÑAGA
KLASIKOEN IRAKURRALDIA ARRIAGAN

ETXEPAREREN KOPLA «FEMINISTAK»

KLASIKOEK DAUKATEN SEN HORRI ESKER, «LINGUAE VASCONUM PRIMITIAE» (1545) LIBURUKO KOPLAK GAUR EGUNERA EKARRI ZITUZTEN ATZO, ARRIAGAN, BILBO ZAHARRA EUSKALTEGIAK ANTOLATUTAKO IRAKURRALDIAN.

«Kopla batzuen azpian, Etxeparerenak direla jartzen ez badu, ‘hau feminista zen!’ esango duzu». Xabier Amuriza bertsolari eta idazlearen esaldi horrek laburbiltzen du euskal literaturan hain funtsezkoa eta, era berean, hain misteriotsua den Bernart Etxepareren (1480-1560) figura. Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako “Euskara Jalgi Hadi plazara” jardunaldien baitan, Amurizak moldatu eta doinua jarri zion euskaraz inprimatutako lehen liburuari. “Linguae Vasconum Primitiae” klasikoaren hamabost bertsoetatik aukeraketa bat egin zuen: «Honetatik guztitik atera ditut ustez onenak eta esanguratsuenak direnak, eta deklamatzeko edo kantatzeko laburtu ditut».

Etxepareren ordu eta laurdeneko antologia osatu zuen Amurizak. Eta Bilbo Zaharraren ekimenera batu diren 200 irakurleen ahotsean –GARA tartean–, duela bost mendeko koplekin euskararen modernitatea aldarrikatu zuten. Kultura arloko pertsonak –Natxo de Felipek, esaterako, bertsoak kantatu egin zituen irakurri ordez–, politika, kirol eta kazetaritzako ordezkariak, baita euskaltegiko bertako ikasleak ere, pasatu ziren Arriaga antzokitik. Osasun egoerak behartuta, ekitaldiak txikiagoa izan behar zuen, zuzeneko ikusleei zegokienez. Youtuben, dena den, zuzenean ikusi ahal izan zen, baita Arriaga antzokiaren aurrean jarritako pantailan ere.

Erotismoa eta aldarria

Bizkaiko kultur hitzordu garrantzitsua bihurtu da Klasikoen Irakurraldia. «Hau hamalaugarren urtea da –azaldu zuen Maite Salutregik–. Iaz ez genuen ekainean egin, beti bezala, eta urrian egin genuen, neurri txikiago batean. Aurten, Etxeparerekin, hasierara jo dugu, klasikoetara, behar zelako, gure ustez, euskarari leku hori ematea, pandemia honetan ikusten delako erabileran beherakada egon dela. Jaso dugun erantzuna izan da itzela, erronka moduan hartu delako jendearen aldetik ere».

Erronka bete-betea. Goizeko 9.40ean (8.00etan hasi zen ekitaldia) mosen Bernart Etxeparek idatziko kopla erotiko batzuk irakurtzea (guri egokitu zitzaiguna) ez baita erraza. Euskaraz idatzitako lehen olerki “lizunak” dira: «Munduian ezta gauzarik hain eder ez plazentik / Nola emaztia gizonaren petik buluzkorririk / Beso biak zabaldurik dago errendaturik / Gizonorrek dagiela harzaz nahi duienik».

Etxepare apaiz baxenabartarra gizon harrigarria zen. Xabier Amurizari ere harridura eragin dio haren olerkietan aurkitutako emakumeen aldeko defentsak: «Baditu gauza arruntak, topikoak eta tradizionalak, apaiza ere bazelako. Baina nahiko apaiz librea izango zen, ez baitakigu noiz egin zen apaiz ezta zein bizitza pertsonal izan zuen. Egin zituen poemetatik hamabost dira amodiozkoak».

“Linguae Vasconum Primitiae” argitaratu zuenean Etxeparek 60 bat urte zituen eta Trentoko Kontzilioa laster finkatuko zen. «Trentoko Kontzilioaren barruan, protestantismoaren aurka egiteaz gainera, helburuetariko bat zen seminarioak sortzea kleroaren moralizaziorako. Horrek zer esan nahi du?». Soma daiteke, noski. «Etxepare apaiz noiz egin zen enigma bat da. Igual izango zen apaiza aurretik denbora luzean baina, dudarik gabe, esperientzia pertsonal handia izan zuen. Eta nondik atera zuen gizonen kontra erakusten duen agresibitatea?», galdetu du Amurizak.

Hemen adibidea: «Bertuteak behar luke gizonetan handiago; / emaztetan nik dakusat hongiz ere gehiago. / Mila gizon gaixtorik da emazte batendako; / gizon baten mila andre bere fedean dago».

Amuriza, berriz: «Etxepare kuestionatua izan da bere maila poetikoan, baina Etxepare bertsolaria zen. Iparraldean esaten zaio honi ‘koblakari’, baina ez zaio ematen koplari guk ematen diogun erromeria zentzua. Etxepare hurbilago dago koblakari izatetik edo bertsolaritzatik poesiatik baino».