Jon ORMAZABAL
PILOTA

«Gustura jokatuko nuke finala, neu heldu banintz»

Rezusta eta Zabaleta bat etorri dira txapela jokatzeko merituak Iñaki Artolak egin dituela

Ukaezina da Iñaki Artolaren lesioa dela-eta alegiarra finala jokatzeko moduan egongo ote den ziurgabetasunak garrantzi berezia eman diola igandean Irunen Jose Javier Zabaletak eta Beñat Rezustak jokatu beharreko partidari; orain arte gatzik gabeko hirugarren posturako lehia zenak finalerako ateak zabal diezazkioke Urantzun 22ra heltzen denari. Hala ere, partida hau jokatu behar duten bi atzelariak bat etorri dira Jokin Altunaren aurka jokatzeko merituak Baikoko aurrelariak egin dituela eta ekainaren 20rako prest egon dadila opa diote.

Atzo aukeratu zuten Aspeko bi pilotariek partida horretarako materiala, eta, finalean sartzeko aukeraz galdetuta, Bergarakoa oso argi mintzatu zen. «Espero ezetz, garbi esanda. Finalean egoteko merituak berak egin ditu, Iñakik egin ditu eta, egia esan, ez dakit zenbaterainoko lesioa duen; astebete atzeratzea eskatu baldin badu, errekuperatuko den esperantza duelako izango da. Nik gustura jokatuko nuke finala, baina neu heldu izan banintz; orain Iñakik berak egin ditu merituak eta ea ondo jartzen den», adierazi zuen.

Antzera mintzatu zen Jose Javier Zabaleta ere. «Kristoren pena izan da; nik uste berak merezi duela finala jokatzea, sekulako txapelketa egin du eta hemendik animoak bidaltzen dizkiot. Espero dugu hiru asteotan ongi osatzea eta berak izan dezala finala jokatzeko aukera», azaldu zuen etxarrendarrak.

Atzelari dema

Momentuz, eta Artolarekin gertatzen denaren zain, bietako inork ez du igandeko partidaz harago begiratu nahi eta, berez, hirugarren postuak ere ba omen du nahikoa garrantzi. Gainera, azken urteetan zeresan gutxi izan ostean, atzelariek euren protagonismoa aldarrikatu dute aurtengo Buruz Burukoan eta txapelketako atzelaririk onena izateak ere motibatzen ditu. Hori bai, orain arte aurrelarien aurka jokatu ostean, igandekoa beste era bateko partida izango dela argi dute.

Gipuzkoarra urteren batean Albisuren aurka jokatutakoa da, baina aurten Oinatz Bengoetxea eta Danel Elezkano kanporatuta heldu zen finalerdietara. «Airera ere joan beharko dut, ze Jose nola jotzen ari den ikusita, derrigortuta nago. Sakeak erantzuten-eta gutxiago joango gara airera, pixka bat aldatzen da aurrelarien aurka aritzetik, baina ni saiatuko naiz pixka bat aurrekoetan bezala aurrean bukatzen. Ea saketik asmatzen dudan, eta ea bera pixka bat mugitzen dudan, ze zuzen jokatzen duenean ikaragarri jotzen dio».

Zabaletak ere argi du Rezustaren aurka aritzeak jokamoldea aldatuko diola, baina berarentzat partidako giltza, gehienetan bezala, sakean eta errestoan egongo da. «Sakeak erantzuten Altunaren aurka baino hobeto moldatu beharko dut».