Erritmoa
Kostatzen ari zait erritmoa hartzea, denerako, baina zalantza sortzen dit erritmoak berak, batez ere egokia bereizteak. Zein ote zen hobea, pandemia aitzin neukana, memoria estututa ere oroitzen ez dudana, edo, orain hartu eta izan nahi dudan erritmoa.
Coger el ritmo, prends le rythme, ez nuke jakinen erdarakada bat den ere, ez eta inguratzen nauten bi hizkuntzetan ongi errana dagoen. Badakizue beti besteak direla hizkuntza fuerteak kutsatuta erdarakadak erabiltzen dituztenak, behin mundura sortuak hain zuzen eta hain esnob, gu.
Haizeak zehazten du erritmoa Lapurdiko kostan, ekialdetik hegoalderaino hala da beharbada, euria ari du batzuetan, bazuza tarteka, txingorra, eta eguraldi ona ere doaike. Bertan bizi naiz ni erritmoari beha, eta haize goxoa nabari dut azkenaldian, euskararena hain zuzen ere, ofizialtasunik gabeko eremuan edozein ahalegin gozagarri da gainera, egoera horretan euskaldunon hizkuntzaren eta kulturaren aldekoak oasiak balira bezala.
Baionako manifan hamar mila lagun euskararen alde, izugarria, Agileran edo Jean Daugerren ia bikoitza biltzen ahal dira errugbia ikusteko frantsesez; ez da erraza, ez, maleruski. Baina asteburuan disko eta liburu azoka dator Ziburura, bigarren urtea da, ekainak 12an, Lapurdiko kostan, euskaraz. Ez dakit zenbat azoka dauden soilik euskaraz direnak, hau bat da, xumea, ttipia, baina eraginkorra, erritmoa frantsesak eta gaztelerak markatzen ez duten oasi gisa.
“Ene baitan bizi da”, “Sugarren mende”, “Naparra kasu irekia”, “Burgosko auzia: Iraultza eta bizi”, “Etxeko landareak”, “Lazunak azkazaletan”, “Susmaezinak”, egile eta sortzaile, zirriborroka bertso marrazkiaz eta Aguxtin Alkhat beti goxo. Horra ene aste honetako propaganda. Etorri erritmo onean.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
