Asier AIESTARAN
PILOTA

Artolak «erabaki zaila» hartu zain

Bilbon egindako entrenamenduaren ostean Jokin Altunak onartu du «arraroa» dela finalean aurkaria nor izango duen ez jakitea.

Jokin Altunak entrenamendu gogorra egin zuen atzo goizean Bilboko Bizkaia pilotalekuan Victor Estebanen laguntzarekin, eta ondoren prentsaurrekoa eskaini zuen hilaren 20ra atzeratu den Buruz Buruko finalera begira dituen sentsazioak azaltzeko. Onartu zuen «arraroa» egiten dela noren aurka jokatuko duen ez jakitea, baina nahiago duela horretan gehiegi ez pentsatu eta ez diola presiorik sartu nahi bestela ere gaizki pasatzen ariko den Iñaki Artolari –alegiarrarekin telefonoz hitz egiteko aukera izan zuela eta «ukituta» sumatu zuela aitortu zuen–.

«Niri iruditzen zait finala jokatzea merezi dutela finalera iritsi direnek. Gero ikusi behar dena da lesioak eta lesioak daudela, bi edo hiru hilabeteko lesio bat duen pilotariari itxarotea agian zailagoa da, egutegi guztia aztoratu dezakeelako. Kasu honetan egia esan ez dakit ziur lesioa zein den, ez dute argi esan zer gradutako lesioa den, zer epe beharko dituen osatzeko, eta orduan ez dakit zer esan. Nik nahi nuke Iñakik jokatzea, eta justua hori litzateke, baina ez dakit iritsiko den. Berak erabaki beharko du eta ez da batere erabaki erraza izango», aztertu zuen egoera Amezketako aurrelariak.

Argi dagoena da aurkari bat edo bestea izan, Iñaki Artola edo Beñat Rezusta, jokoa asko aldatzen dela, eta Altunak ez zuen hori ezkutatu. «Bat aurrelaria da eta bestea atzelaria, bat ezkerra eta bestea eskuina, sakatu ere modu desberdinean egiten dute, errestoa ere Beñatek gehienetan botera eta Iñakik airez… Oso desberdinak dira, baina entrenatzera etortzen naizenean ez nabil horretan pentsatzen. Espero dut hurrengo astean aukera bat izatea entrenatzeko jakinda zeinen aurka jokatuko dudan», eskatu zuen aurrera begira.

Hala ere, bere egunerokoan egoera horri buelta askorik ez ematen saiatzen omen da. «Ez naiz asko jarduten honi buruz kalean, baina egia da orain pilotazale guztiok mediku bilakatu garela, denok dakigu Artolak jokatuko duen edo ez. Hori azken finean berak bakarrik daki eta nahikoa zalantza izango du».

Atzo nekatuta baina pozik amaitu zuen entrenamendua –«nahiko gogorra izan da eta orain apur bat nekatuta nago, atzo [herenegun] ere entrenamendua egin nuen, baina oraindik egun batzuk falta dira eta pozik nago egiten ari naizen lanarekin»–, eta datozen egunetarako plana argi du: «Entrenatzen segi, lasai-lasai. Gehienbat hurrengo astera begiratu gabe lan egin, aste honetan aste honetakoarekin zentratu. Igandea hartuko dut deskantsatzeko eta datorren astean ere entrenamenduren bat egin beharko da, seguruenik astelehenean. Sentsazio onekin jarraitzea da garrantzitsuena, burua okupatuta izatea».

«Pozik ari naiz»

Finalak jokatzera ohitzen ari den galdetuta, erantzun zuen «gustura» dagoela ematen ari den mailarekin. «Azken urteetan pozik ari naiz, emaitzak hor daude. Txapelketa hau amaitzean egingo dut denboraldiaren balorazio bat, baina orain finala prestatzen ari naiz buru-belarri eta ez dut asko pentsatzen gauza horietan».

Eta iazko Buruz Buruko finala Jakaren aurka galtzean pasa zituen une txarrak gogoratu zizkiotenean, gertatutakoa argitu nahi izan zuen. «Iritsi zaizkit kritika batzuk galtzaile txarra naizela esanez. Gaizki sentitzen nintzen, ez zen izan nahita egindako ezer, ingurukoek badakite. Egun hartan Erik zoriondu nuen, esan nuen argi berak merezita irabazi zuela. Esperientzia horietatik beti ikasten duzu, kolpe gogorrak hartzen dituzu hor bazabiltza. Agian galtzeko beldurrez etorri nintzen irabazteko ilusioz baino gehiago, eta aurrean aurkari oso ona eduki nuen. Hala ere, komentario horiei ez diet jaramonik egiten».

Azkenik, beste final bat publikorik gabe jokatu beharrak pena ematen diola adierazi zuen, eta jada frontoiak irekitzen hasteko garaia dela aldarrikatu zuen. «Jenderik gabe jokatzen hasi ginenean uste genuen hilabete bat edo biko kontua izango zela. Baina azkenean negua, udaberria… Denbora asko da. Nik uste publikoa gero eta leku gehiagotan sartzen hasi dela eta frontoietan ere sartzen hasi behar duela. Leku arriskutsuagoak badaude eta ez dut arrazoirik ikusten jenderik gabe jokatzeko. Badakit 3.000 pertsona ezingo direla sartu, baina 700-800 pertsona sartuta, arau zorrotzekin, ez dut arazorik ikusten».