GARA
BASAURI

Basauriko erasoan ofizioz jarduteko eskatu diote fiskalari

Gaur, 19.00etan, manifestazioa egingo dute Basauriko Udaletxetik abiatuta, joan den igandean Bizkaiko herrian gazte batek jasan zuen talde eraso homofoboa salatzeko. Biktimaren familiak eman du deialdiaren berri. LGTBI elkarteek, bestalde, ofizioz jarduteko eskatu diote Fiskaltzari, «sexu orientazioa dela-eta gertatutako gorroto delitu garbi baten aurrean gaudelako». «Giza eskubide kontua da eta ez dago beste jarrera posiblerik», azpimarratu dute.

Joan den igandean talde eraso homofobo bat sufritu eta anbulantzian ospitalera eraman zuten 23 urteko gaztearen familiak gaur arratsaldeko 19.00etan Basauriko Udaletxetik aterako den manifestazioan parte hartzeko dei egin du. Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteek, aldiz, kasu honen aurrean ofizioz jarduteko eskatu diote Fiskaltzari, «sexu orientazioarekin lotutako gorroto delitu argia» izan baitzen igandean Bizkaiko herrian gertatu zena.

Ertzaintza eta Udaltzaingoa bederatzi pertsona ikertzen ari dira jazarpen honen harira. Momentuz ez dago inongo atxiloketaren berririk. Udaltzaingoak igande goizaldean jaso zuen Bizkotzalde parkean gertatzen ari zen erasoaren berri eta Ertzaintzarekin batera joan zen bertara. Bederatzi gazte identifikatu zituzten, 18 eta 27 urte bitartekoak, jazarpenaren egile gisa.

Ikerketak dioenaren arabera, erasoa 02.30ean gertatu zen aipatu parkean. Bertan, hainbat lagun talde zeuden bilduta. Ekain izeneko gaztea iraintzeaz gain –«maricón de mierda» oihukatu zioten, besteak beste– identifikatutako pertsona horiek kolpeak ere eman zizkioten, lurrera bota arte. Orduan, lekukoak erasotzaileak geldiarazten saiatu ziren. Udaltzaingoak anbulantzia bat eskatu zuen eta zauritua Galdakaoko Ospitalera eraman zuten segidan. Kolpeak zituen gorputz guztian zehar.

Atzo ohar bat argitaratu zuten Errespetuz, Aldarte, Ortzadar LGBT eta Gehitu elkarteek, erasoa «tinko kondenatzeko» eta instituzioei babesa eskatzeko.

Kolektibo horiek dituzten baliabide guztiak jarriko dituzte Ekainen esku. Herritarrei ere dei egin diete jazarpen homofoboen kontra kalera ateratzeko. «LGBTIQfobiaren Aurkako Egunetik aste gutxira eta LGBTIQ Harrotasun Egunaren atarian, halako erasoek erakusten dute funtsezkoa dela orientazio sexual eta afektibo librearen eta sexu eta genero identitate librearen aldeko eguneroko lana».

Josu Erkoreka EAEko Segurtasun sailburuak «gorroto delitu honengatik atsekabetuta» dagoela adierazi zuen, eta Basauriko Udalak aho batez gaitzetsi zuen gertatutakoa. «Askatasunaren aurkako ekintza hauek onartezinak dira», esan zuen.