Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Urakan denboraldia

Joan den ekainaren 1ean hasi zen ofizialki ekaitz tropikalen eta urakanen denboraldia. Zorionez, gurean ez da urakanik izaten, baina munduan hainbat leku dira ekaitz erraldoi horien ondorioz kaltetuak ateratzen direnak.

Urakanak ekuatoreko paraleloaren inguruan eta itsasoan sortzen dira. Goietako aire hotzak eta itsasoko ur beroak jariatutako berotasunak eta hezetasunak talka egitean, ekaitz hodei handiak sortzen dira. Ekaitz hodei horiek itsasoko uraren berotasunaz elikatzen joaten dira, beren hedadura handituz eta horrekin batera indarra irabaziz. Baldintza zehatz batzuk betetzean urakan bilakatzen dira.

Batetik bosterako kategorietan sailkatzen dira urakanak, beren intentsitatearen arabera. Urakanik ahulenek 119-153 km/h haize boladak eragiten dituzte, baina indartsuenek 251-400 km/h haize boladak. Urakanik indartsuenen zerrendan ditugu, esaterako, “Katrina”, “Mitch” eta “Allen”.

Atlantikoan urakanek kaltetzen dituzten herrialdeetan orokorrean pobrezia da nagusi eta horrek kalteak asko areagotzen ditu. Haiti, Kuba eta Mexikoko Golkoko hainbat herrialde oso kaltetuak ateratzen dira. Ozeano Barean eta Indiako Ozeanoan ere tifoiek (urakanek) kalte handiak uzten dituzte Indian, Sri Lankan, Thailandian, Indonesian...

Klima aldaketak fenomeno hauek areagotzea eta indartzea ekarriko du; beraz, zain ditzagun natura eta klima.