Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Atera

Nire etxetik ateratzen nauzun horrek / behin ere uzten ez zaituen / zure iraganarekiko itsu zaude, / baina satorra ez zara / orain zu zeu niri / egiten ari zarena usaindu eta sentitzeko». Horrela abiatzen da Fady Joudahren “Atera” poema. Jarraian azaltzen zaigu «objektu bat gorputz-adar baten atzetik», gertatzen ari diren etxegabetzeak ez direla kontu berria; gaur etxea indarrez kendu dieten horien gurasoei gauza bera egin zieten eta beste horrenbeste gertatu zitzaien azken horien gurasoei ere. Baina hainbat belaunalditako jazarpenak ez du gaitzespen adierazpenik eragiten, ez delako jazarpen kontsideratzen. Poeman esaten zaigu: «Nire hondamendia orainaldian / ez da zure iraganaren tamainakoa oraindik».

Jerusalem ekialdean kokaturik dagoen Sheikj Jarrah auzoan Israelgo Gobernuak aurrera eramandako etxegabetzeak hizpide dituzten hainbat testu eta irudi zabaldu dituzte azken asteetan, gehienak ere gizarte sareen zein komunikabide alternatiboen bidez. Haien artean Joudahren poemak oihartzun berezia izan du, “The New Yorker” aldizkariak (oi, liberal zurien Parnasoa!) hura argitaratzeari uko egin diolako. Joudahk berak azaldu duenez, «AEBetako sistemetan inklusibitateak etxekotzea du ordain». Hots, palestinar ahotsak ongietorriak dira baldin “palestinarregiak” ez badira, palestinar bihurtzen dituen lur eremu hori aipatzen ez badute. Horretan liberalak eta kontserbadoreak bat datoz. Dena den, palestinarren bazterketa ez da AEBetako kontua bakarrik. Mendebalde osoa da konplize.