GARA
DONOSTIA

Bizikleta bat Goierritik Senegalera, Aziz gaztea eskolara joan dadin

Goierri Eskolako ikasleek mugikortasun arazoak dituen Senegaleko 17 urteko gazte batentzako bizikleta egokitua egin dute. Azizek hamar kilometro egin behar ditu egunero eskolara joateko eta bizikleta berriarekin goi mailako ikasketak egiteko aukera eskuragarri izango du.

Aziz Senegaleko Kelle herrian bizi da eta 17 urte ditu. Elbarria da eta gurpildun triziklo bat erabiltzen du joan-etorriak egiteko. Ibilgailu hori ez da egokia, txikia geratu zaio eta zaharkitua. Bere egoerari irtenbidea emateko, Kellesensa gobernuz kanpoko erakundearen eta Goierri Eskolaren arteko elkarlanaren bidez, Aziz gazteari laguntzeko modua aurkitu zuten: bizikleta berri bat sortzea, horretarako finantzaketa lortuta.

Larunbatean

Bizikleta egiten aritu diren bitartean Aziz ezagutzeko aukera ere izan dute, bideodei bidez. «Proiektua azaldu genionean izugarrizko ilusioa egin zion, eta gogotsu dago bizikleta jasotzeko».

Larunbatean bidaliko dute bizikleta Senegalera, materialez betetako edukiontzi batean. Material horren artean, bizikleta gehiago ere bidaliko dituzte, beste haur batzuek ere eskolara joateko aukera izan dezaten; baita ordenagailuak eta medikuntza materiala ere.