Maider IANTZI GOIENETXE

«Euri zitalari esker» plazaratu du Itxaro Bordak, Amaia Ezpeldoi detektibearen agurra

Amaia Ezpeldoi landa giroko detektibe bereziari agur erran dio Itxaro Bordak. Duela 30 urte abiatu zuen nobela beltzeko bilduma itxi du hala. Bilakaera ugari islatu ditu amaiera apoteosiko batean.

Detektibe jardunetik erretiroa hartzear da Amaia Ezpeldoi. Hala agindu dio Joana Garralda maitaleari; Baionako apartamentuko puskak bildu eta harekin joango dela Atharratzera, mendialdean bizialdi berri bat hastera. Ez ditu alferrik hirurogeiak gertu. Alta, dei bat jasoko du ezustean: Maddiren ama da, atezuan, gauetik goizera Landetara ezkondu zen alabaren berri ez duelako izan aspaldi. Orduan, haren atzetik abiatuko da Ezpeldoi Garraldaren 4x4a hartuta, azken kasua izango duela zin eginik.

Hala hasten da Itxaro Bordaren “Euri zitalari esker” (Susa) nobela berria. Sei liburuko bilduma baten azken tomoa da. Ainara Azpiazu “Axpi”-k egin dio azala eta, aitzineko liburuek bezala, kantu baten zati bat du titulu gisa. Ezpeldoi harrituta dago, ez baitzuen uste 40 uda baino gehiago biziko zenik. Bestalde, aro berri horrekiko sosegu bat dago, mantra bat bezala errepikatuko dena gertakari frenetikoen artean.

Atzo Donostian egindako aurkezpenean aitortu zuenez, Baionako idazleak badaki irakurle batzuek ez dituztela maite nobela beltzetan diren digresioak, «baina besteek asko maite dituzte». «Ezpeldoi beti ari da gai batetik bestera pasatzen eta komentarioak egiten. Zer litzateke bizitza komentariorik gabe?».

40 urte darama Itxaro Bordak liburuak aurkezten eta, halere, «bakoitza lehena balitz bezala» bizi du, urduritasunez. Ezpeldoiren azken abentura honetan, lehenbizikotik, “Bakean utzi arte”-tik, gertatutako bilakaera aunitz islatu ditu: lurraldetasunarena, generoarena, baita euskararena berarena ere. Euskalki batetik euskara baturako bide bat egiten du. «Euskara batua bere zentzurik zabalenean hartuta, euskalkiak kanpoan utzi gabe. ‘Post-batua’ esaten diot. Denak euskara direla, hori nahi du erakutsi Ezpeldoik. Gramatika politika da».

«Xubero gaineko arkadian»

Aitzineko nobeletako pertsonaia pila bat sartu ditu, saila apoteosi batekin bukatzeko. Dena den, modu independentean irakur daiteke, haria galtzeko arriskurik gabe.

Ezpeldoiren azkena zela jakitean, «A, orduan hilko duzu?», galdetu zioten lagunek. «Egia da dudak ukan ditudala, ehorzketa eder bat egin nezakeen, baina pentsatu dut amultsutasun gehiago behar nuela eta utzi dut Xubero gaineko arkadia horretan bizitzen. Zergatik onezia hori? Nik ikusten ez nituenak ikusten zituelako eta ni idaztera ausartzen ez nintzenak erran dituelako bere digresioetan».