Amaia ZURUTUZA-Miren MUJIKA
Iruñea

Laba, Iruñeko bazterretik erdigunera, «euskaldunon ahalduntze ariketa bat»

Iruñean euskara eta euskaldunen elkargune izango den erabilera anitzeko espazio bat irekitzeko asmoa plazaratu du Laba sareak. Non eta Gaztelu plazan, Nafarroako hiriburuaren bihotzean, euskaraz «hiriari eman eta hiritik hartzeko» eta «ahalduntze ariketa» gisa.

«Sumatu duzue dardara hori?». Batez ere, sare sozialetan antzeman zen; «Laba sarea» izenarekin zerbait ari zen mugitzen, itzalean. Izan ere, inor gutxik zekien zer zen. Orain bai, azaleratu da. Iruñeko Gaztelu plazan izango den euskaldunen elkargune berri bat da, euskal komunitatea «bazterretik erdigunera» eraman nahi duena.

Hala azaldu zuen Ander Perezek, sustatzaileetako batek, atzo NAIZ Irratian. Ideia sinple batekin jarri zen martxan proiektua. «Iruñean bizi gara eta euskaraz bizi nahi dugu». Eta horretarako erabilera anitzeko espazio bat eraikitzeko asmoa azaldu dute.

«Irradiazio gune bat» izatea du jomuga eta hortik proiektuaren izena. «Lurpean edo bazterrean egon den energia hori guztia Iruñean zehar barreiatzera goaz». Sustatzaileei ere zaila egiten zaie proiektu hau zer den hitzez esatea. «Esaten dugu espazio fisiko batera doala, baina hori baino gehiago ere badela. Bada mugimendu bat, bada sare bat eta, batez ere, esango nuke euskaldun komunitatearen ahalduntze ariketa bat dela». Iruñearen bihotzean, Gaztelu plazan, kokatuko da espazioa. «Handira botatako apustua da, baina aldi berean oso modu naturalean sortzen dena».

Tamaina horretako proiektu baten aurrean, nahitaez sortzen da atzean nor dagoen jakin nahia. Perezek adierazi zuenez, «oso prozesu zabala, anitza» izan da oraingo puntura iristeko. «Noski, euskaldunak gara atzean gaudenak, mota askotako euskaldunak, motibazio edo interes ezberdinengatik proiektu honetan bat egin dugunak. Batzuk euskalgintza antolatuagotik zetozenak, baina beste batzuk besterik gabe euskaraz bizi nahi eta hiria euskaraz eraiki nahi horretatik batu direnak».

Duela urtebete, pandemia garaian, ekin zioten lanari. Garai berezi batean ilusioa piztu du proiektu honek sustatzaileengan. Eta lanean hasi zen talde txiki hori saretzen eta handitzen joan da. «Batzuetan gu geu ere ez dakit ohartzen garen, gure komunitatearen tamaina horretaz eta potentzialtasunaz, indarraz, gauzak egiteko aukeraz».

Euskararentzako, euskaldunentzako eta euskarara hurbildu nahi duen ororentzako elkargune bat, bertako euskarazko kultur emanaldi ugari eta kalitatezkoentzako tamainako oholtza bat, sorkuntza produktuetarako saltokia, baita kafetegia ere. Noizko? «Uda bukatzerako prest izatea espero dugu; asmoa udan lanak egitea da, proiektua fintzen jarraitu eta azken emaitza horretara hurbiltzea. Irailean edo ireki nahiko genuke».