Jon ORMAZABAL
PILOTA

Mariezkurrena Baikora itzuliko da eta Ibai Zabalak ez du jarraituko

Azken egunotan mugimendu handia dute Baikon, iazko grebaren ondorioen ostean taldea berrantolatzen ari dira eta. Alde batetik, badirudi, pixkanaka bada ere, irekitako zauriak ari direla sendatzen eta handienetako bat atzo itxi zen, Jon Mariezkurrena, 2023ra arteko kontratuarekin, Bilboko enpresara itzulita. Mugimendu horrekin, greba amaitzeko sinatutako agiriaren baitan, kalean geratu ziren lau pilotariek lekua aurkitu dute EPELeko enpresen barruan –Eskiroz, Laso eta Mariezkurrenak Baikon eta Victorrek Aspen–.

Baina, era berean, negoziazio prozesu horretan aurpegia gehien eman zuenetako batek, Ibai Zabalak, atzo bertan jakin zuen Baikok ez duela abuztuaren 2an amaitzen zaion kontratua berritzeko asmorik, nahiz eta azkenaldian joko bolada onean izan. Bere sare sozialetan jakinarazi zuenez, enpresak agur partida bat antolatu dio, etxetik hurbil, pilotazaleek frontoira gerturatzeko aukera izango dutelakoan. Elorrion egin zuen debuta Zabalak, 2008an.