Muturreko eskiaren paradigma bihurtu da Paul Bonhomme
Eskiatzaile frantziarrak «10x» izeneko egitasmoa amaitu berri du. Denera, bost hilabetean Alpeetan muturreko bost jaitsieraegin ditu. Azkena, Suitzako laumilako batean sinatu du: Taschhorn-en. 9.700 metroko desnibelean 200 metro soilik rappelatu ditu.
Paul Bonhomme eskiatzaile frantziarrak amaitu berri duen proiektua eskaladan edo alpinismoan oinarrituta egon izan balitz, argi dugu askoz ere oihartzun zabalagoa izango lukeela. Baina, zoritxarrez, ez da horrela izan. “10x” izeneko egitasmoaren letra txikiari edo handiari begiratzen badiogu, ahoa bete hortz utziko gaituen emaitza izan du. Bonhommek Alpeetako hamar menditan muturreko jaitsiera berriak egin ditu. Urtarrilean lehen urratsa egin zuen; azkena, berriz, joan den maiatzean.
Protagonistak berak honako datu esanguratsuak eman dizkigu: 9.700 metroko desnibela, 200 metroko rappela (%2), gehienez 57 graduko pendiza, marra luzeena 1.400 metrokoa, jarduera luzeena 40 kilometrokoa... Eta elur-jausi bat bera ere sortu gabe.
Alpinismoa, jaitsiera bertikalak, arriskua... denetarik izan du eskiatzaile frantziarraren proiektuak. Berak dioen bezala, «alpinismoaren muina da muturreko eskia».
Arrakasta izan du, bai, baina aldez aurretik egindako iragarpenak ez ziren batere baikorrak. Jaitsiera horietako batzuetan bakarka jardun du, baina, oro har, kideren bat edo beste alboan izan du. Batez ere, goi mailako beste espezialista bat: Vivian Bruchez. Lehen bi jaitsierak proiektuaren hasieran aipatu genituen, eta azkenari dagokionez, Bonhommek onartu du ginga jarri zuela: «Vivianekin laumilako horren hego-mendebaldeko aurpegira hurbildu nintzen. 3.300 metroko garaierara bibaka egin ondoren, biharamunean, goizeko 8etan, martxan jarri ginen. Nire kidearekin egin nuen jaitsiera festa moduko bat izan zen. Filosofia bera dugu biok. Marra berriari ‘X’ deitu diogu, besteak beste, zenbaki bat adierazten duelako eta nire proiektuko azkena zelako. 5.4/E4 maila du».
Bonhommek argi zuen pandemia garai honetan zer edo zer berria egin behar zuela. Asko hausnartu ondoren, “10x”-i forma ematea erabaki zuen: «Egitasmo honetan lehiakortasunak ez du lekurik izan. Finean, nire zaletasunaren inguruan istorio berriak kontatzeko gogo handia nuen. Covid-19aren garai honetan erakutsi nahi nuen ez dela beharrezkoa Himalaiara joatea muturreko jaitsierak egin ahal izateko. Horrez gain, erakutsi nahi nuen jarduera hauek egiteko Mont Blanceko mendilerrotik at aukera oso zabala dagoela. Nik, bederen, Alpeetako txoko ezberdinak aldarrikatu nahi izan ditut; horietako batzuk oso gutxi ezagutzen nituen. Lauzpabost marra buruan iltzatu nituenean, orduan egitasmoari hasiera eman nion. Hamar jaitsiera horiek egiteko, honako bi irizpide jarri nituen: marra bakoitzak, gutxienez, 500 metroko desnibela behar zuen; eta pendizek 50 gradutik gora».
Lerrootako protagonistak argi utzi digu proiektu hori aurrera eramateko egin behar izan duen lana itzalean egon dela. Baina gehitu du arrakasta lortzeko giltza izan dela: «Uste dut mendizaletasunak bi oinarri dituela: esplorazioa eta ikerketa. Egoera berrien aurrean ez dakizu zer gertatuko zaizun, eta zalantza guztiak burura etortzen zaizkizu. Horregatik, une jakin batzuetan galtzeko mamua azaltzen da, eta onartu behar duzu porrot egin dezakezula. Muturreko bira bat egin behar duzun bakoitzean erabat kontzentratuta egon behar duzu. Frantziako, Italiako eta Suitzako Alpeetan egon naiz, eta eguraldi iragarpen guztiak ondo baino hobeto aztertu behar izan ditut. Jakina, entrenatzen ‘milaka’ ordu egin ditut. Nahiz eta muturreko jaitsierak diren, garrantzitsuena ez da aldatsa oso pikoa edo zaila den, baizik eta ikerketaren eta esplorazioaren edertasuna. Hori guztia da transmititu nahi izan dudana. Gailur ezezagunei zein ahantzita ditugun mendilerroei ‘izena’ jarri diet. Pouzenc, Pelago edo Chaperon bezalako mendiak existitzen direla aldarrikatu nahi izan dut. Laburbilduta, abentura etxean bertan dago».
«Elurraren zientzia»
Muturreko jaitsiera horiek, jakina, konpromiso handia dute, baina Bonhommek baieztatu du ez duela arrisku berezirik hartu. Eta hori guztia azaltzeko, honakoa adierazi digu: «Egon zaitezke puntu kritiko batean, baina beti dago irtenbideren bat edo beste. Horrekin esan nahi dut egoera hori iristen denean, eskiak kendu, pioleta hartu eta aldapa horiek deseskalatu ditzakezula. Eskaladan, adibidez, hori egitea oso zaila da. Gainera, jarduera hauetan buru-belarri ibiltzen garenok eskarmentu tekniko handia dugu biraketa batean erorikoa saihesteko. Gerta daiteke, baina ez da ohikoena. Bide batez, mendiaren baldintzek berebiziko garrantzia dute. Eskiatzaile askok eta askok elur hautsa bilatzen dute. Guk, aldiz, ez; izan ere, muturreko jaitsiera batean elur-jausien arriskua bikoiztu egiten da. Arestian aipatu dut espezializazio honek alpinismoaren esentzia jasotzen duela. Jaitsiera bat egin aurretik, mendiaren baldintzak aztertu eta aukeratu dugun marra eskalatzen dugu. Horrela, baldintza horiek bertatik bertara aztertzen ditugu. Finean, mendia ‘irakurtzen’ ikasi behar da; horrek muturreko jaitsierak oso zorrotzak izatera eramaten du. Hitz gutxitan esanda, lehenik eta behin, alpinista ona izan behar zara. Mendia oso ondo ezagutzea giltza da. Eta, nola ez, eskia ondo baino hobeto menderatzea ere bai».
Eskiatzaile frantziarrak hamar jaitsiera gogor berri egin ditu, baina esan digu denen artean ezin duela bat aukeratu: «Den-denek berezko historia dute. Hiru bakarrik egin ditut, baina onartu behar dut jarduera hauek lagunekin egiteak asko bete nauela. Batez ere, Vivianekin. Bostetan nire alboan izan da. Zalantzarik gabe, proiektu honek erabat bete nau. Mendian aurkitu nahi nuena eman dit. Markatu egin behar diren parametro asko daudenez, ezin da tranparik egin. Mendia eskalatu eta jaitsi behar dudan marra neure buruan irudikatzea... Hori guztia arras erakargarria egiten zait. Egitasmo honetan bizi izan dudanak ertz asko ditu. Baina, agian, inportanteena elurraren zientzia da. Azken zazpi hilabeteotan mendilerro bakoitzean izan den elur prezipitazioa zehatz-mehatz aztertzen aritu naiz. Adibidez, haizearen norabidearen eraginez non erortzen den. Helburua oso garbia zen: geruzaren egonkortasun perfektua behar zen. Muturreko jaitsieretan elur hautsa errusiar erruleta bihurtzen da. Elur-jausien arriskua ondo neurtu behar da ere».
Amaitzeko, eskiatzaile frantziarrak adierazi du xede horrek aldez aurretik lan eskerga eskatu badio ere marra horiek jaisten gozatu egin duela: «Marra estetiko bat aurkitu eta hura jaistea esperientzia aberatsa da. Berez, jaitsiera horietan ez da asko eskiatzen, besteak beste, muturreko birak eta sekzio gogorretan irrist egiten baitugu. Yogarekin alderatzen dut; izan ere, kontzientzia handia eskatzen du. Erabateko kontzentrazioa! Plazera hor kokatzen da, keinu egokiena egitea une oro neure buruan dago. Muturreko eskian egoera hori bizitzen dut, baina badakit beste kirol batzuetan egoera berdintsuak bizi daitezkeela. Esperientzia zorrotza bezain ederra da, eta ni horretan oso eroso sentitzen naiz».

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
