Josemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Altxorrak

Altxorra topatzeko mapa bat beharko duzu. Iparrorratza ezinbestekoa da, norabidez ez galtzeko. Eta agian kataloxa bat, urruti dagoena gerturatzeko. Eta lagun bat, edo bi edo hiru; altxorraren bila bakarrik abiatzea aspergarria baita; aurkitutakoan, norekin ospatu bestela? Hori guztia egiten duzunean, ondo gogoratu abentura guztia, detaileak, pasadizoak, une zailak eta arriskutsuak, tristeziak eta pozak, galdutako bideak, aurkitutako jendeak. Oso inportantea da hori guztia, altxorra aurkitu ondoren, dena kontatu beharko duzu-eta; altxor bat aurkitu eta ez kontatzea, ez aurkitzea bezala baita.

Eta abenturaren pasarte guztiak zehatz-mehatz ez badituzu gogoratzen, ez apuratu, lagunak daude horretarako, guztion artean bizitako abentura guztion artean kontatzen baita, batek ahaztu duena besteak kontatuko du. Sekulako kontakizuna eskainiko diozue entzuten daudenei; «eta gero zer? Eta gero zer? Eta gero… zer?» etengabe galdetuko dutenak. Benetako altxorra kontakizuna izango baita.

Guadalajara hirian (espainiar Estatua), 30 urte bete dute aurten Ipuin Maratoia ospatzen. Ostiraletik igandera ipuin kontaketak etengabe, gau eta egun, Infantadoko Jauregian.

Haur, gazte, zahar; argal eta gizen; altu eta bajuak; eta… baita guapoak ere! Guztiak istorio batekin igo dira Lehoien Patio ederrean dagoen agertokira, kontatzeko gosez. Osasun kontuak direla eta, traba txikiak izan dira, baina hitzaren festa ez da eten. “Altxorrak” zen aurtengo gaia. Benetako altxorra jaialdi hau existitzea da.