Jon ORMAZABAL
BURUZ BURUKOAREN FINALerako material aukeraketa

Arazorik gabeko aukeraketa, finalari kolore pixka bat emateko

Iñaki Artolaren lesioak eta horren inguruko erabakiak asko apaldu dute normalean pilotako urteko asterik bereziena izaten dena. Dena izan da zalantza, zurrumurrua eta kezka, baina dagoeneko igandeko zita handirako pilotariak eta erabiliko dituzten pilotak prest daude, betiko topikoei tiraka izan bada ere: faboritoak, estrategiak, urduritasunak... Buruz Buruko finalak ere behar du «normaltasun» pixka bat eta bere ohiko «liturgiek» eman diote.

Egunotan fokuetatik kanpo egon izanak mesede egin izan balie bezala, Jokin Altunak eta Beñat Rezustak, finaleko protagonistek, ezohiko patxada azaldu zuten atzo, finalerako material aukeraketan. Kanpoko zaratatik ihesi, eta amezketarrak aitortu bezala, azken egun luzeetan elkarren aurka jokatuko zutela nahiko barneratuta izanda –nahiz eta konfirmazio ofiziala atzo heldu zen– bakoitza bere prestaketak ahalik eta hobekien egiten saiatu da eta lanak ondo eginda heltzeak ematen duen konfiantzatik –atzo egin zituzten biek, Bilbon bertan, frontoiko azken lanak–, azken egunetan faltan sumatu den normaltasuna ezarri zieten biek final handiaren atarikoei.

Inoiz istilu iturri izan den materialak ere jarri zuen bere aletxoa, biek oso gustura amaitu baitzuten saskian aurkitutakoarekin. Atzelariak aukeratutako lau pilotak ere oso antzekoak zirela nabarmendu zuen eta amezketarra pauso bat aurrerago ere joan zen, txapelketa osoan oso material ona egon dela azpimarratu eta horregatik horren ardura duen Martin Alustiza eta intendenteak zorionduz.

Finala atzeratu izanak eta horrek sortu dizkien arazoak ere ez dira inolako istilu iturri izan; are gehiago, finala berak jokatuko zuela jakinaraztea atzeratu izana «onerako» ere izan daitekeela uste du Rezustak. «Esana nuen, finalarekin zer gerta ere, jokatuko banu bezala hartuko nituela bi aste hauek. Eta halaxe egin dut. Buruz burukoan izan dut arreta osoa. Nire entrenamenduak egiteko aukera izan dut. Eskuz ondo nago, ez dut minik. Ez dago aitzakiarik. Gainera, mesede egin dit dena segidan izateak, finalari buelta asko ez emateko», azaldu zuen.

Lezioa ikasita

Jokin Altunak, bere aldetik, onartu du astebeteko atzerapenak bere hasierako planak aldatzea ekarri ziola, baina ez du uste horrek inolako kalterik egin dionik. «Oso ondo nago, neure buruarekin eta lanean oso gustura. Prestaketa aldatu behar izan dut, eta binaka partida bat jokatu, baina inongo momentutan ez dut pentsatu atzerapenak kalte edo mesede egiten didan. Alferrik da horri bueltak ematea. Nire lanak ondo egin ditut, eta ondo iristen naiz».

Finala, aurkariari erasotzeko modua, kontuan izan beharreko detaileak... dena erabat aldatzen da Artola bezalako aurrelari baten aurka aritu edo Rezusta bezalako atzelari ezker baten aurka jokatu behar izanda, baina Jokin Altunak horri ere ez dio aparteko garrantzirik eman nahi. Iaz Erik Jaka adiskidearen aurka galdutako finala kolpe handia izan zen, baina era berean zerbaitek klik egin zuen amezketarraren barruan eta gauzak beste era batean hartzen saiatzen ari da, baita atzokoa bezalako prentsaurrekoetan «disfrutatzen ere».

«Egia esaten badizut, atzo baino lehenago Beñaten aurka jokatzea espero nuen, baina batez ere nire jokoan izan dut burua. Badakit pilotari oso desberdinak direla, baina alde horretatik berdin zitzaidan bataren edo bestearen aurka aritu, hemen bakoitzak bere jokoa egin behar du. Nik nire jokoa egin dudanean normalean ondo ibili naiz profesionaletan eta hori egin ez dudanetan zailtasunak izan ditut», azaldu zuen.

 

Faborito, Altuna

Finalaren atarikoan falta ezin den gai horietako bat faborito nor den izan da. Aurten, pronostiko guztiek Amezketa aldera begiratzen dute nahiko garbi, eta bergararrak bere aurkariaren bizkar gainean jarri du halakoetan horren ohikoa izaten den zama. «Esan liteke baietz, azken urteetan emandako mailarengatik, beti aritu da txapelen lehian, beti eman izan du bere maila eta argi dago oso zaila izango dudala, baina niretzat jokatzeko oso polita da, final bat izanda zer esanik ez, eta ea nirea egiteko gai naizen».

Partiden giltzen inguruan galdetuta, ez batak ez besteak ez dute orain arte egindakotik gehiegi aldatzeko asmorik. Bergararrak aurrean arriskuak hartzen jarraituko du; baina «ezin dut haren joko zoroan sartu; bestela, ez dut zereginik. Badakit nola jokatu behar dudan, baina askotan Jokin bezalako pilotariek ez dizute lagatzen joko hori egiten. Nik argi dut Jokin eroso baldin badago, zaila izango dela hari irabaztea. Hura mugitzen saiatu behar naiz, lasai egon ez dadin».

Altunak ere ez du atzelariaren eskuina bilatzen «zoratzeko» inolako asmorik, jokoak esango dio une bakoitzean zer egin.

 

Gaztetasuna eta freskotasuna aulkietan

Botileroei buruz pentsatzean, normalean beti pilotari izandakoak, entrenatzaileak, teknikariak... pilotariak eurak baino jende nagusiagoa datorkigu burura. Horretan ere igandeko finala desberdina izango da oso; eurak baino gazteagoak diren bi pertsona aukeratu baitituzte halako egun garrantzitsu batean alboan izateko.

Biak Aspeko pilotariak izanda, ezin enpresako teknikaririk aukeratu eta Xabier Erostarbe kidea izango du aldamenean Bergarakoak. «Normalean jende zaharragoa izaten da, baina elkarrekin ondo moldatzen gara, fisikoa elkarrekin entrenatzen dugu eta frontoian ere bai askotan; lehen egunerako eskatu zidan eta ni oso gustura», azaldu du urretxuarrak. Emaitzak ere aldeko ditu; berarekin jokatutako partidak irabazi egin ditu Rezustak eta finalerdietan Jokin Etxaniz aritu zen bere herrikidearekin Labriten.

Ezohiko prestaketa izan da final honetakoa, baina ondo ikusten du bere laguna Erostarbek. «Azkenean denbora asko pasa du zain, baina ondo prestatu da fisikoki eta frontoian, luze eta arraroa izan da zain egote hori, baina Beñatek final eta partida garrantzitsu asko jokatu ditu eta garrantzitsuena jokoz ondo heltzea da eta Beñat ondo dago».

Gauzak ez dira erosoagoak izan azken aste hauetan Alegian bizi eta bertako taberna batean lan egiten duen Gorka Altunarentzat. Azkenerako tabernako komentarioekin pixka bat aspertu den arren, gustura aritzen da pilotaz, bai Jokin lehengusuarekin eta baita bezeroekin ere, benetako pasioa baitu pilota.

Minik handiena oso gertuko dituen artolatarrak –Mikel bere botileroa ere izan zen– parean ezin ikusteak eman zion. «Egia da lesionatu zenean pena handia hartu genuela, bai nik eta baita Jokinek eta inguruko denek ere. Azkenean, Iñaki pilotari handia izateaz aparte, ezagutu dudan pertsonarik onenetakoa da, beti gustura, beti barrez, eta, alde horretatik, pena ematen du hainbeste lan egin eta justu orain ezin jokatzeak, baina hau kirola bakarrik da eta seguru Iñakik beste aukera asko izango dituela final bat jokatzeko», azaldu zuen.

Ilusio handiarekin hartu zuen lehengusuak bere botilero aritzeko eskatu zionean eta bere ondoan txapel bat jantzi ahal izateak zer esanik ez. Nortasuna ere erakutsi du, halako pilotari bati aginduak ematea onartuta. «Askok esan didate hori, baina beste alde batetik begiratuta, honi gauza gehiegi esan beharrik ere ez dago. Saiatzen zara gauza ahalik eta gehien esaten edo lasaitzen, baina egia da taktikoki eta frontoiaren barruan oso ondo dakiela une oro zer egin behar duen, momentu bakoitzean nola jokatu behar duen eta, alde horretatik, lasaitasun handia ematen dit», azaldu zigun.

Mikrofonoen aurrean ere sekulako freskotasuna zabaltzen du Gorka Altunak, bai kantxan lehengusuari aholkuak ematen ari denean, baita kazetarien galderei erantzun behar dienean ere. «Esan izan didate ‘orain telebistan esaten duan guztia entzungo duk”, baina saiatu naiz hasieratik mikrofono hori hor dagoela ahazten. ‘Hau ez dut esan behar’ pentsatzen hasten bazara, kikildu egiten zara eta ni, hori ahaztu, eta lehengusuari ahalik eta gehien laguntzeko intentzioarekin nator», azaldu zuen. Saralegi edo Martinez de Irujoren falta sumatu dugun arren, gaztetasuna eta freskotasuna sekula ez daude sobera pilotan.J.O.