Iraide IBARRONDO
BILBO

Europako funtsen onuradun nagusia Ibex-35a izango dela salatu dute

“Europako berreskuratze-funtsak: itxurazko aldaketa berde eta digitala” txostenean, Kapitalari Planto-k Europako funtsek eragin ditzaketen arazo sozioekonomikoak plazaratu zituen, atzo. Plataformaren aburuz, multinazionalentzako erreskate plan bat da diru hori.

Kapitalari Planto mugimenduak atzo azaldu zuenez, Europako funtsak ez dira diruditen bezain «berde, sozial eta koherenteak». Argitaratu berri duen eskuliburuan, funtsen xehetasunen eta baldintzen analisi sakona egin du taldeak, eta Europar Batasunaren erreskate planak alde txar ugari dituela ondorioztatu du.

Lehenik eta behin, funtsetako kapital gehiena enpresa eta multinazional handietara bideratuko dela salatu zuten. Mugimenduko kide Mikel Alvarezek azaldu zuen Ibex-35a izango dela erreskate planaren «onuradun nagusia»: «200.000 milioi euro eskatu dituzte Ibex-35a osatzen duten enpresek eta Espainiari osotara 140.000 milioi euro dagozkio». Enpresa pribatuei ezin zaiela diru publikoa «baldintzarik gabe» eta etengabe eman defendatu zuen Kapitalari Planto-k.

Izan ere, proiektuak enpresa handiek aurkeztu dituzte eta horietara bideratuko da injekzio-programaren gehiengoa. «Osasungintza, hezkuntza eta zaintzarako ia ez da inbertsiorik aurreikusten», azaldu zuen Nicola Scherer-ek, Open Generation Europako berreskuratze programaren azterketa kritikorako Estatuko sareko kideak.

Horrez gain, epe luzera funtsekiko menpekotasunak eta eurobonuen erabilerak eragin ditzakeen arazoak aurreikusi zituen Alvarezek: «Administrazio publikoak diru hori [120.000 milioi euro] bueltatu egin beharko dio merkatu finantzarioari». Hala, estatu onuradunek lan arloan, pentsioetan eta fiskalitatean erreformak egin beharko dituztela ondorioztatu zuen.

Nicola Schererrek Mikel Alvarezen baieztapena berretsi zuen atzoko agerraldian: «Litekeena da murrizketa nazionalen olatu bat eta gastu publikoaren minimizazioa etortzea».