Arnaitz GORRITI
PILOTA

Altuna: «Emaitzek lanean jarraitzen laguntzen dute»

Egun batzuk lasai emateko gogotsu dago amezketarra, baina «txapel gosea» ez zaio inolaz ere ase.

Pozarren eta lasai –eta egun batzuetan lasai egoteko gogotsu–, Jokin Altunak igandean irabazitako Buruz Buruko bere bigarren txapela gozatzen jarraitzen zuen atzo Amezketan. «Ez nuen halako ongietorririk espero. Udaletxean aurreskua ere egin zidaten eta udaletxera bertara igoarazi ninduten; bertso batzuek kantatu ere bai. Gero hitz batzuk esateko aukera izan nuen eta oso eskertuta nago», esan zuen txapeldunak.

Igandeko finala ganoraz ikusi gabe zen oraindik ere Altuna, ospakizunez ospakizun baitabil partida amaitu zenetik. «Gogoa daukat etxera joan eta finala lasai ikusteko. Momentuan dena oso azkar joan zen: finala jokatu, sariak, elkarrizketak... Handik ere di-da etorri, gero gurasoekin-eta pixka bat afaldu nuen, baina orduan ere lasai egoteko aukerarik ez daukazu, eta berriz ere kalera atera nintzen. Partida nola bizi izan nuen lasai ikusteko gogoa daukat», onartu zuen.

«Eguneroko lana» eta «gosea»

Zortzi final eta lau txapel baditu dagoeneko Amezketako “magoak”, 25 urte bakarrik dituen arren. «Emaitzak eguneroko lanean jarraitzeko motibazio bat dira. Ilusio handia egiten dizu. Txapel bat irabazteak punch berezi bat ematen dizu. Hargatik, oso pozik nago eta batez ere, lanean jarraitzeko gogoz», azaldu zuen Jokin Altunak.

Esan beharrik ez dago «txapel gosea» ez zaiola ase. «Txapela lortzeko azkenean gauza asko egin behar dituzu ondo. Asteburuko partidan zentratuta egon ohi gara, baina astean zehar egiten duzun lanak asko balio du. Lanean segitzen badut partida garrantzitsu gehiago ere izango ditudala uste dut», bukatu zuen.

Igandean Lau eta Erdiko Nafarroako Torneoko partida jokatu behar du Donostian, Iker Salaberriaren aurka. Finala «ezker eskua kolpatuta» amaitu ei zuen. «Hala ere, iganderako entrenamendu bat egin nahi dut», amaitu zuen Altunak.